EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpaina-hasiera

U12: Inoiz ez bezalako hauteskunde-kanpaina, abian

Ostegun honetako arratsalde-gauean, euskal alderdiek kanpaina-hasierako ekitaldiak egin dituzte. COVID-19eko pandemia protagonista izan da horietan guztietan.

Euskal alderdiek hauteskunde-kanpainari ekin diote. Argazkiak: EFE eta Equo Berdeak.
Euskal alderdiek hauteskunde-kanpainari ekin diote
Euskal alderdiek hauteskunde-kanpainari ekin diote. Argazkiak: EFE eta Equo Berdeak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdiek ostegun honetan ekin diote uztailaren 12ko hauteskundeetarako kanpainari, eta arratsalde-gauean egindako ekitaldi politiko guztietan COVID-19a izan da protagonistetako bat. Hori hasiera baino ez da izan; izan ere, koronabirusaren aurkako segurtasun-neurriek (maskarak eta pertsonen arteko tarteak, besteak beste) kanpaina baldintzatuko dute. Inoiz ez bezalako kanpaina izango da.

Ez da mitin jendetsurik izango, eta hainbat ekitaldi telematikoak izango dira. Horrez gain, Euskadiko historian lehen aldiz, bere garaian atzeratu behar izan zituzten hauteskunde batzuetako kanpaina izango da; asmoa zen apirilaren 5ean egitea, Iñigo Urkullu lehendakariak ordurako deituta, baina, koronabirusaren ondorioz, deialdi hura bertan behera utzi behar izan zuten. Azkenik, uztailaren 12an izango dute hautesleek bozkatzeko aukera.

Urkulluk ekonomiaren aldeko itun baten bidez autogobernuan sakontzea proposatu du

Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJko lehendakarigaiak "itun politiko eta sozial handi baten bidez" autogobernuan sakontzearen alde egin du; horren helburua litzateke koronabirusak eragindako pandemiaren "bigarren erasoari", "krisi ekonomiko oso latzari", aurre egitea.

EAJren kanpainaren hasiera-ekitaldia COVID-19aren biktimen aldeko minutu bateko isilunea eginez hasi dute. Urkullurekin batera, Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentea, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburua eta Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua izan dira bertan.

Gernikako Juntetxean, Gernikako Arbolaren aurrean, babes-neurriak zaintzeko edukiera txikiagoa izanik, jeltzaleen kanpainetan ohikoak izaten diren mitin jendetsuetatik urrun, "nortasunen aniztasunetik eraikitzea" eskatu du lehendakariak, eta "hitzartzea ez da amore ematea, baizik eta partekatutako nazio-egitasmo baterantz aurreratzea", ohartarazi du.

BIDEOA | EAJk Gernikako Batzar Etxea aukeratu du kanpainari hasiera emateko

EAJk Gernikako Batzar Etxea aukeratu du kanpainari hasiera emateko
EAJk Gernikako Batzar Etxea aukeratu du kanpainari hasiera emateko
EAJk Gernikako Batzar Etxea aukeratu du kanpainari hasiera emateko

0:58

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk nabarmendu du Gernikak "euskal autogobernu sendoa" ordezkatzen duela; "oinarri" horretatik, Euskadik koronabirusaren "lehen erasoaren aurrean" erantzuteko gaitasuna izan du. "Lehen kolpe hori gaindituta, orain bigarren erasoari egin behar diogu aurre, alegia, krisi ekonomiko oso latzari. Hori da erronka handia. Irtengo gara. Euskadi zutik!", adierazi du.

"Aitortutako autogobernua" euskal erakundeak, horien eskumenak eta ahalmenak direla nabarmendu du, eta baliabide horiek pandemiaren osasun- eta gizarte-krisiari aurre egiteko "modu egokian" kudeatu dituztela azpimarratu du.  

EAJren eredua agortuta dagoela iritzita, aldaketarako unea dela esan du Iriartek

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiaren ustez, Iñigo Urkulluren kudeaketa ereduak "porrot" egin du, eta horren erakusgarri dira, Iriarteren esanetan, koronabirusaren pandemiaren garaian osasun arloko langileak babes-neurri nahikorik gabe aritu izana, ikastetxeetara itzultzeko planak sortu duen haserrea eta Zaldibarko zabortegiko hondamendia.

"Urkulluk politika egiteko duen modu zahar horrek ez du balio erronka handiei erantzuteko; norabidea aldatzeko momentua da", esan du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainaren hasierako ekitaldian, Gasteizen.

EH Bilduk Gasteizen hasi du hauteskunde-kanpaina
EH Bilduk Gasteizen hasi du hauteskunde-kanpaina
EH Bilduk Gasteizen hasi du hauteskunde-kanpaina

1:11

EAJren kudeaketa zalantzan jartzeko asmoz, Iriartek hainbat gai izan ditu hizpide: jeltzaleei lotutako ustelkeria kasuak; Osakidetzako lan-eskaintza publikoan izandako irregulartasunak eta Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa; Zaldibarko zabortegiko luizia eta bertan oraindik desagertuta dauden langileak; eta koronabirusak eragindako larrialdi egoeran hartutako erabakiak.

Iriartek esan du "gehiengo sozialak" bat egiten duela ezkerreko koalizio soberanistaren baloreekin eta gizartea eskatzen duen "norabide aldaketa" EH Bilduren eskutik soilik etorriko dela ziurtatu du.

EH Bildurekin eta PSErekin gobernu progresista eratzea da Gorrotxategiren helburua

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaiak esan du bere helburua Euskal Autonomia Erkidegoan gobernu progresista bat osatzea dela, "40 urte eta gero, EAJren eta patronalaren eskuineko gobernuei amaiera emanez".

Duela lau urte, Podemos, Ezker Anitza eta Equo batera aurkeztu ziren hauteskundeetara, baina, oraingoa alderdi ekologista kanpoan geratu da, Espainiako hauteskunde orokorretan Equok Iñigo Errejonen Mas País alderdiarekin bat egin zuelako.

BIDEOA | Elkarrekin Podemos-IUk Gasteizen egin du hauteskunde-kanpainaren hasiera-ekitaldia

Elkarrekin Podemosek Gasteizen egin du hauteskunde-kanpainaren hasiera-ekitaldia
Elkarrekin Podemosek Gasteizen egin du hauteskunde-kanpainaren hasiera-ekitaldia
Elkarrekin Podemosek Gasteizen egin du hauteskunde-kanpainaren hasiera-ekitaldia

1:07

2016ko hauteskundeetan, Elkarrekin Podemosek 157.334 boto eta 11 eserleku lortu zituen.

Koalizioak Gasteizko Europa Jauregian egin du kanpaina-hasierako ekitaldia, koronabirusa dela-eta segurtasun-neurriak hartuta. Gorrotxategik COVID-19ak hildako pertsona guztiak eta haien senideak oroituz hasi du mitina.

Iturgaizek PP+Cs koalizioa aurkeztu du "konstituzionalismoaren gotorleku" gisa

Carlos Iturgaiz PP+CS alderdiko lehendakarigaiak bi alderdi horien arteko koalizioa aurkeztu du Euskadin "konstituzionalismoaren gotorleku" gisa, askatasunak eta "Espainiaren batasuna" defendatzeko helburuarekin.

BIDEOA | PP+Cs koalizioak Gasteizen ekin dio hauteskunde-kanpainari

PP-Cs koalizioak Gasteizen ekin dio hauteskunde-kanpainari
PP-Cs koalizioak Gasteizen ekin dio hauteskunde-kanpainari
PP-Cs koalizioak Gasteizen ekin dio hauteskunde-kanpainari

1:14

Iturgaizek hauteskunde-kanpaina ireki duen mitinean parte hartu du, Gasteizen, Carmelo Barrio eta Muriel Larrea Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuekin, hurrenez hurren, eta Luis Gordillo Bizkaiko zerrendaburuarekin eta Ciudadanos Euskadiko bozeramailearekin batera.

PPko eta Ciudadanoseko hautagaiak lehendakaria izan nahi duela esan du, "Euskal Autonomia Erkidegoa guztiona eta guztiontzat" izan dadin, "nazionalistak eroso bizi daitezen, baina baita nazionalistak ez direnak ere, orain arte lehenengoek bakarrik egin dutelako".

Mendiak PSE-EErentzako botoa eskatu du, "ezkerreko alderdi arduratsua" dela esanez

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak esan du Euskadiko Alderdi Sozialistari botoa ematea dela aukera bakarra, "abertzaleek beren nahasteekin korapilatu ez gaitzaten eta inor atzean utziko ez duen gobernu zentratu bat izateko".

BIDEOA | PSE-EEk Bilboko Areatzan ekin dio hauteskunde-kanpainari

PSEk Bilboko Areatzan ekin dio hauteskunde-kanpainari
PSEk Bilboko Areatzan ekin dio hauteskunde-kanpainari
PSEk Bilboko Areatzan ekin dio hauteskunde-kanpainari

1:25

PSE-EEk Bilbon abiatu du Legebiltzarreko hauteskundeetarako kanpaina. Idoia Mendiak Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordearen babesa izan du ekitaldian.

"Herritarrek eta osasun-arloko langileek ahalegin handia egiten dute, eta orain guk maila bera emango dugu. Batzuek liskarra nahi duten bitartean, guk konponbideak eskainiko ditugu", adierazi du.

Equo Berdeak "betiko blokeetatik" bereizi da, kanpainako lehen ekitaldian

Jose Ramon Becerra Equo Berdeakeko lehendakarigaiak ziurtatu du koalizio ekologista "betiko blokeen aurrean desberdina den aukera" gisa aurkeztu dela uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetara; Equo Berdeakek, Becerraren esanetan, "berreraikitze berde eta justuko programa" du, koronabirusarekin lotutako krisia gainditzeko.

Equo Berdeaken hasiera-ekitaldia

Argazkia: Equo Berdeak.

Gasteizen hasi du Equo Berdeakek hauteskunde-kanpaina. Hasierako ekitaldian, alderdiak ondorengo bi asteotan Euskadi zeharkatzeko erabiliko dituen publizitate-bizikletak aurkeztu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Urkullu Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra EAE Hauteskundeak Euskadin Idoia Mendia bideoak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Euskadiko PP Hautagaiei buruzko albisteak Ciudadanos Albisteak Gaur Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus EH Bildu bozeramailea Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskadiko hauteskundeak 2024 emaitzak Carlos Iturgaiz azken ordukoa Miren Gorrotxategi azken ordukoa Euskal alderdi ekologista José Ramón Becerra albisteak