EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpaina hasiera

EAJren eredua agortuta dagoela iritzita, aldaketarako unea dela esan du Iriartek

EH Bilduren lehendakarigaiak EAJri lotutako ustelkeriak kasuak, pandemiaren kudeaketa edo Zaldibarko zabortegiko luizia izan ditu hizpide kanpaina hasierako mitinean.  

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia.
EH Bilduk Gasteizen hasi du hauteskunde-kanpaina

1:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak uste du Iñigo Urkulluren kudeaketa ereduak "porrot" egin duela eta esan du horren erakusgarri direla koronabirusaren pandemiaren garaian osasun arloko langileak babes neurri nahikorik gabe aritu izana, ikastetxeetara itzultzeko planak sortu duen haserrea eta Zaldibarko zabortegiko hondamendia.

"Urkulluk politika egiteko duen modu zahar horrek ez du balio erronka handiei erantzuteko; norabidea aldatzeko momentua da", azpimarratu du Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainaren hasierako ekitaldian, Gasteizen.

EAJren kudeaketa zalantzan jartzeko asmoz, Iriartek hainbat gai izan ditu hizpide: jeltzaleei lotutako ustelkeria kasuak; Osakidetzako lan-eskaintza publikoan izandako irregulartasunak eta Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa; Zaldibarko zabortegiko luizia eta bertan oraindik desagertuta dauden langileak; eta koronabirusak eragindako larrialdi egoeran hartutako erabakiak.

Iriartek esan du "gehiengo sozialak" bat egiten duela ezkerreko koalizio soberanistaren baloreekin eta gizartea eskatzen duen "norabide aldaketa" EH Bilduren eskutik soilik etorriko dela ziurtatu du.

"Gehiengoak gauzak aldatu nahi ditu, gehiengoak ez du Abiadura Handiko Trena babesten, gehiengoa Urkulluren harrokeriaz nazkatuta dago eta gehiengoari ez zaio Revillarekin atera zuen argazkia gustatzen", adierazi du.

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du koalizio soberanistak "ordena eta alternatiba seguru bat" eskainiko diela herritarrei osasun larrialdi eta egoera sozio-ekonomiko zail honetan.

"Gure herrialdean jaio, bizi eta lan egiten duen orok, bermatuta izango ditu etxebizitzarako, osasunerako, hezkuntzarako, enplegu duinerako, ingurune natural ekologiko batean bizitzeko eta gure zaintzak bermatuko dituen sistemarako eskubideak", azpimarratu du.  

Agintari askok krisia koronabirusak eragin duela esango dutela ohartarazita, Otegik adierazi du krisia aurrez sortu zela, "baina COVID-19ak lehendik existitzen arazo guztiak azaleratu ditu, sistema honek pertsonak ez beste guztia lehenesten duelako".

Gauzak horrela, ekoizteko, kontsumitzeko eta aberastasuna banatzeko moduak aldatu egin behar direla esan du eta horretarako subiranotasuna ezinbestekoa dela berretsi du. "Estatua ez bazara, beste batzuek erabakiko dute zure izenean", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak EH Bildu Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Maddalen Iriarte Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak