EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

EAE-KO HAUTESKUNDEAK

Eusko Jaurlaritzaren osasun jarraibideak uztailaren 12ko hauteskundeetarako

Segurtasun-distantzia, maskararen erabilera, eskuak maiz garbitzea, gainazal eta leku jendetsuen garbiketa eta desinfekzioa eta pilaketak saihestea dituzte ardatz.

Pertsona bat botoa ematen. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Pertsona bat botoa ematen
Maskara jantzita eta metro eta erdiko tartea gorde beharko dute mahaikideek U12an

2:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk 761 hautesleku izango ditu datorren uztailaren 12ko hauteskunde autonomikoetan, aurreko hauteskundeetan baino 41 gehiago eta 100 kokapen berrikoak. Hauteskunde-mahaietako kideek maskara kirurgikoa eraman beharko dute hauteskunde-egun osoan, eta ez dute eskuekin ukitu beharrik izango ez nortasun-agiria, ez bozketarako gutun-azala. Gainera, boto-kontaketan FFP2-ko maskarak eta nitrilozko eskularruak izango dituzte.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak uztailaren 12an egingo diren EAEko hauteskundeetarako ezarritako gidalerroak aurkeztu dituzte, apirilean COVID-19aren pandemia dela eta bertan behera utzi ostean.

Beltran de Herediak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartuko du hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonen jarraibideen eskuliburua. Eskuliburu horrek eranskin bat izango du, hauteslekuak babesteko osasun-gomendioekin.

Hauteskunde mahaietako kideentzat eta gainerako hauteskunde langileentzat ezarri diren babes neurrien artean, segurtasun distantzia mantentzea, maskara kirurgikoa eramatea eta eskuak maiz garbitzea daude. Gainera, ez dute ez NANa eta ezta bozkatzeko gutun-azalak ere eskuekin ukitzeko beharrik izango.

Hauteskunde hauetan, aurreko hauteskundeetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira, sei Araban, 27 Bizkaian eta zortzi Gipuzkoan. Guztira, 761 hautesleku egongo dira, 100 kokapen berrikoak.

Esku-ematerik eta kale-banaketarik gabeko kanpaina

Uztailaren 12ko EAEko hauteskundeak desinfekzio eta urruntze neurri zorrotzekin egingo dira, kontaktu fisikoa eta eskuorriak edo beste objektu batzuk eskura ematea saihestu beharko den kanpaina baten ondoren.

Gainera, posta bidezko botoa errazteko apustu irmoa egiten da. Orain arte, hori egiteko eskaerak zortzi aldiz biderkatu dira, duela lau urteko epe berean erregistratutakoen aldean.

Gidalerroek segurtasun jarraibide batzuk ezartzen dituzte, bai hautesleentzat, bai hauteskunde-mahaietako kideentzat. Hauteslekuetan maskara jarrita egon beharko dute, eta metro eta erdiko segurtasun tartea mantendu beharko dute.

Bozkatzeko tarteak ezartzeak "hautesleen eskubidea urratzen du", adierazi du Beltran de Herediak

Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, uztailaren 12an botoa ematera joateko ordu-tarteak ezartzeak "hautesleek ordutegi osoa erabiltzeko duten eskubidea urratzen du" bozkatzeko, baina gomendioa jendetza handieneko uneak saihestea eta zaurgarritasun handiena duten pertsonek botoa emateko lehentasuna izatea da.

Segurtasun sailburuak modu horretan hitz egin du hauteslekuetara joateko ordu-tarteak ezartzearen inguruan, kutsatzeko arriskua saihesteko.

Adierazi duenez, "bizilekuen araberako tarteak ezartzeak hautesleek lanaldiaren ordutegi osoa erabiltzeko duten eskubidea urratzen du".

Hala ere, jardunaldirako gomendioen artean, "pilaketa handieneko" uneak saihestea aurkitzen dela adierazi du, eta, edozein kasutan, "beren egoera edo adinagatik" kalteberak diren pertsonek botoa ematera joateko lehentasuna izatea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak COVID olatu berria Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak Maskarak