EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U12
Uztailaren 12ko hauteskundeetarako posta bidezko botoa eskatzeko epea, zabalik
Legearen arabera, posta bidezko botoa eskatzeko epea uztailaren 2an amaituko da, baina Eusko Jaurlaritzak luzatzea eskatuko du. Halaber, aztertzen ari da ordu-tarteak zehaztea.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko herritarrek aukera dute, astearte honetatik, uztailaren 12ko hauteskunde autonomietarako posta bidezko botoa eskatzeko. Legearen arabera, posta bidezko botoa eskatzeko epea uztailaren 2an amaituko da, baina Eusko Jaurlaritzak epe hori luzatzea eskatuko du. Halaber, aztertzen ari da ordu-tarteak zehaztea, hauteskunde-egunean, hautesleek botoa mailakatuta emateko eta jendetzak saihesteko, prebentziozko neurri gisa, koronabirusaren balizko kutsaduren aurrean.
Josu Erkoreka bozeramaileak, astearte honetan, Gobernu Kontseiluaren ostean, jakinarazi du Jaurlaritza lanean hasi dela, Estatistikako Institutu Nazionalarekin eta Udalekin, bozketa-zentroak ta hauteskunde-mahaiak "berriro egokitzeko", bai eta prestatzeko mahaietan izango diren herritarrentzako babes-ekipoak ere.
Kanpainaren iraupena murrizteko aukera ere izan du hizpide Erkorekak; hauteskunde-legearen arabera, kanpainak 15 egunekoa izan behar du, ez bada hauteskundeak errepikatzen ari direla.
Bozeramaileak gogora ekarri duenez, lehendakariak, bere dekretuan, "legezko aurreikuspen horren arabera" mugatu behar izan du deialdia.
Nolanahi ere, gogora ekarri duenez, alderdiek, borondatez, adostu ahal dute kanpainaren iraupena laburragoa izan dadila. Erkorekaren iritziz, alderdiek herritarren "gehiengoak”" pentsatzen duena izan beharko dute kontuan, hori erabakitzeko.
Gobernuak, irizpiderik ez, kanpainaren iraupenaz
Bozeramaileak ziurtatu du Jaurlaritzak ez duela "irizpide" zehatzik, kanpainaren iraupenari dagokionez. Erkorekaren esanetan, alderdiek bi kontu aztertu beharko dituzte: alde batetik, kanpainaren kostu ekonomikoa; beste alde batetik, zein eraginkortasun duten, herritarrei mezu politikoak helarazteko.
Arlo ekonomikoari lotuta, gogora ekarri du kanpainek gastu jakin bat ekartzen dietela diru-kutxa publikoei; horren harira, diru-kutxa publiko horiek, une hauetan, gastuaren lehentasunetan izango diren planteamendu berriei erantzun beharko diete, ekonomia-susperraldia bultzatuta eta osasuna berrindartuta, koronabirusaren krisiagatik.
Ekonomia alde batera utzita, bozeramaileak nabarmendu du beharrezkoa dela kontuan izatea hauteskunde-kanpainak balio behar duela alderdiek herritarrei helarazteko euren eskaintza politikoaren "edukia", eta eskaintza hori eztabaidaren bidez egiaztatu ahal izateko.
"Ona litzateke kanpainak, iraupena gorabehera, alderdiek euren mezuak helarazteko balio ahal izatea", esan du.
Balizko ordu-tarteak
Bestalde, iragarri duenez, Eusko Jaurlaritza uztailaren 12rako ordu-tarteak gomendatzeko aukera ari da aztertzen, herritarrek botoa eman dezaten.
Ordu-tarte horien helburua litzateke hauteskunde-eskoletan jendetzak saihestea. Dena den, soilik "gomendioa" litzateke, ez "derrigorrezko araurik"; izan ere, herritarrei ordu-tarte zehatzak inposatuko balitzaizkie, baliteke "botoa emateko eskubidea urratzea", eta, ondorioz, "botoak baliogabetzea".
Gainera, Jaurlaritzaren asmoa da hamar mahai baino gehiagoko lekuak berriro dimentsionatzea, eta egoitzetako edo adineko pertsonen zentroetako bozketa-lokalak "berriro kokatzea". Lokalak egokituko dira, hautesleen sarrera eta zirkulazioa mailakatua izan daitezela, beharrezko tarteak bermatuta.
Halaber, garbitasun-, garbiketa- eta desinfekzio-zerbitzu guztiak berrindartuko dituzte.
Hateskunde-mahaiak
Ekainaren 13tik 17ra bitartean, Udalek zozketak egingo dituzte, hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten herritarrak hautatzeko. Segurtasun Sailak segurtasun- eta osasun-baldintzen berri emango die, hauteskunde-egunean izango dituzten betebeharretarako.
Hauteskunde-prozesu osoan, online egin daitezkeen tramite guztiak erraztuko dituzte; hala, boto-eskubidea erabiltzeko zailtasun handiagoak dituzten herritarrek joan-etorriak murriztu ahalko dituzte.
Helburu horrekin, hauteskundeen web orrian, euskadi.eus atari ofizialean, hauteskundeei buruzko epeen eta prozeduren gaineko informazioa aktibatu dute.