EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Koronabirusa
EAEko Hauteskunde Batzordeak aho batez onartu du bozak bertan behera uztea
Koronabirusaren pandemiak eragindako egoeragatik atzeratzea adostu zuten atzo lehendakariak eta alderdi politikoek, eta gaur oniritzia eman die Hauteskunde Batzordeak.
Agencias | Redacción
EAEko Hauteskunde Batzordeak apirilaren 5eko bozak bertan behera uztea erabaki du aho batez, koronabirusaren pandemiak eragindako egoeragatik lehendakariak eta alderdi politikoek atzeratzea erabaki ostean, Europa Press-ek iturri juridikoak aipatuta jakitera eman duenez.
Bilera telematikoa egin dute gaur Hauteskunde Batzordeko kideek hauteskunde deialdia baligabetzeko. Bideokonferentzia 10:00etan hasi da, eta 14:00ak aldera zabaldu da erabakia.
Alderdi politikoek egindako akordioa izan dute hizpide batzarrean, lehendakariak igorri baitzien. Dokumentu horretan, apirilaren 5eko hauteskundeak bertan behera uzteko proposamenaz gain, osasun larrialdi egoera amaitzen zenean Iñigo Urkullu lehendakariak "berehala" dekretuz hauteskundeak deitzea proposatzen da.
Juan Luis Ibarra (EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea) buru duen Hauteskunde Batzordea osatzen duten guztiek bat egin dute akordioarekin, eta egungo egoeran onena bozak bertan behera uztea dela erabaki dute.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.