EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Soziometroa
EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa lortuko lukete, eserleku gehiago eskuratuta
EAJk hauteskundeak irabaziko lituzke, 29 eserleku lortuta, bat gehiago, EH Bilduk 19 ordezkari bereganatuko lituzke, bat gehiago, eta PSE-EEk 12 lortuko lituzke, 3 gehiago.
Agentzia | Erredakzioa
EAJk hauteskundeak irabaziko lituzke, 29 eserleku lortuta, bat gehiago, EH Bilduk 19 ordezkari bereganatuko lituzke, bat gehiago, eta PSE-EEk 12 lortuko lituzke, 3 gehiago. Elkarrekin Podemosek hiru legebiltzarkide galduko lituzke (sozialistek gora egiten duten kopuru berdina), eta koalizio morea laugarren sailkatuko litzateke, 8 ordezkarirekin; PP+Cs koalizio berriak 7 eserleku bereganatuko lituzke, bi gutxiago, eta Voxek ez luke ordezkaritzarik lortuko, Eusko Jaurlaritzako azken Soziometroaren arabera.
Inkestaren emaitzekin, jeltzaleek eta PSE-EEk koalizio Gobernua errepikatu dezakete gehiengo osoarekin; izan ere, bi indarrek Ganberako 75 ordezkarietatik 41 eskuratuko lituzkete.
Bizkaia
Bizkaian, EAJk 11 eserleku mantenduko lituzke, botoen % 43,3 lortuta, eta EH Bilduk 5 ordezkari, aurreko legealdiko kopuru berdina, bozen % 18,9rekin.
Elkarrekin Podemosek legebiltzarkide bakarra galduko luke, 4tik 3ra pasako litzateke, botoen % 11,8 eskuratuta. PSE-EEk, ostera, lau eserleku lortuko lituzke, 2016ko hauteskundeetan baino bat gehiago, bozen % 15 lortuta. PP+Cs koalizioak Alderdi Popularraren bi legebiltzarkideak mantenduko lituzke, botoen % 7,4rekin erdietsita.
Voxek ez luke Eusko Legebiltzarrean sartzerik izango, bozen % 2 batekin. Soziometroak % 33,5eko abstentzioa aurreikusi du Bizkaian.
Gipuzkoa
Gipuzkoan, EAJk 10 ordezkari eskuratuko lituzke, 2016ko irailaren 25ean baino bat gehiago, bozen % 36,5 bereganatuta. EH Bildu bigarren indar bezala mantenduko litzateke, baina legebiltzarkide bat gehiago lortuta (% 31,6).
PSE-EE ordezkari gipuzkoar kopuru berdinarekin geratuko litzateke Ganberan (3), % 14 botorekin; Elkarrekin Podemosek eserleku bat galduko luke, % 10,2ko babesarekin, 2 legebiltzarkide eskuratuta.
PP+Cs koalizioak bozen % 5,3 lortuko lituzke, eserleku bakarra, 2016an Alderdi Popularrak baino bat gutxiago. Voxek ez luke ordezkaritzarik lortuko, botoen % 0,9rekin. % 36ko abstentzioa iragarri du inkestak.
Araba
Araban, EAJk 8 eserleku mantenduko lituzke, botoen % 29,9 erdietsita. Era berean, EH Bildu 5 ordezkarirekin geratuko litzateke (bozen % 18,5); bitartean sozialistek koalizio abertzalearen kopuru bera lortuko lukete (5), 2016an baino bi gehiago, botoen % 18rekin.
PP+Cs koalizioak eserleku bat galduko luke, lau legebiltzarkide lortuta. Voxek ez luke ordezkaririk eskuratuko, nahiz eta Santiago Abascalen alderdiak eserlekuren bat lortzeko aukerarik handienak lurralde historiko horretan izan. Boto portzentajea % 2,8an geratzea espero du inkestak. Abstentzioa % 35,5ean kokatuko da Araban.
Inkesta otsailaren 18tik 26ra egin zuten, biak barne, etxeetan egindako elkarrizketen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan. Konkretuki, 1.750 pertsona elkarrizketatu zituzten, 406 Araban, 840 Bizkaian eta 504 Gipuzkoan.