EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
APIRILAK 5
Iturgaiz: "Sanchezentzat ni iragana naiz, bere etorkizuna Otegi eta Torra baita"
Euskadiko PPk zuzendaritzaren bilera deitu du Gasteizen Carlos Iturgaiz babesteko apirilaren 5eko hauteskundeetarako hautagai gisa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PP+Cs koalizioko Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak Espainiako Gobernuko presidentearentzat bera "beste mende batekoa" dela adierazi du, eta Pedro Sanchezentzat etorkizuna "Otegi, Torra eta Puigdemont" direla.
Euskadiko PPk zuzendaritzaren bilera deitu du Gasteizen, Amaya Fernandez buru delarik, Carlos Iturgaiz babesteko apirilaren 5eko hauteskundeetarako hautagai gisa eta hauteskunde kanpaina bultzatzeko.
Bileraren ondoren, Sanchezek Gasteizen emandako mitinaz aritu da Iturgaiz hedabideen aurrean. Mitin hartan, PPk "siglak ezkutatzen ditu Galizian eta Euskadin beste mende bateko hautagaiekin aurkezten da", adierazi zuen Sanchezek.
"Beharbada Sanchezek arrazoia du", adierazi du Iturgaizek "beste garai batekoa" dela esatean, Alderdi Sozialistak "terroristekin, hiltzaileekin eta haien inguruarekin ituntzen ez zuen garaikoa, ezta sedizioagatik zigortuta dauden kolpistekin eta gaizkileekin ere".
"Beharbada beste mende batekoa naiz, XX. eta XXI. mendeetan garrantzitsuena Konstituzioa, legezkotasuna, demokrazia eta espainiar guztien berdintasuna baita legearen aurrean, eta, tamalez, Sanchez jauna guzti horretatik aldendu da", nabarmendu du Ituzgaizek.
Bere hautagaitzak eta proiektuak alderdiko zuzendaritzatik jasotako "ahobatezko babesa" eskertu du, azaldu duenez, "guztiz euskalduna eta espainiarra" baita. Horrez gain, askatasunak, Konstituzioa, autonomia estatutua eta Espainiaren batasuna babestuko dituela adierazi du.
Bestalde, koalizio horrek "etorkizunerako proiektu bat" ordezkatzen duela adierazi du Iturgaizek, apirilaren 5eko hauteskundeek ematen duten ikuspuntu "estutik" haratago doana, eta proiektu horrekin "leihoak ireki" nahi dituela "hainbeste itotzen duen nazionalismoa bertatik ateratzeko".