EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Apirilak 5
"Estatu ereduari" heldu beharko diola esan dio Egibarrek Espainiako Gobernuari
Euskadin eta Katalunian "subjektu juridiko-politikoak legitimatzeko prozesu demokratikoak ezin daitezke gehiago atzeratu", azpimarratu du GBBko presidenteak.
Agentzia | Erredakzioa
Autogobernuaren inguruan Espainiako Gobernu berriarekin lortutako "harreman ona" nabarmendu du Joseba Egibar GBBko presidenteak, baina "Estatu ereduari" heldu beharko diola ohartarazi dio.
Euskadin eta Katalunian "subjektu juridiko-politikoak legitimatzeko prozesu demokratikoak ezin daitezke gehiago atzeratu, eta heldu beharko diote", azpimarratu du Egibarrek.
Gipuzkoako EAJk hautagaiak aurkeztu ditu. Bakartxo Tejeria zerrendaburuak eta Arantxa Tapia eta Maria Eugenia Arrizabalaga hautagai jeltzaleek hitza hartu dute ekitaldian.
GBBko buruzagiaren hitzetan, autogobernuan "PSOEren Gobernu berriarekin garai berri batean sartzen ari garela ematen du". "Noraino iritsiko eta hartutako konpromisoak nola betetzen diren ikusi behar, gutxienez egutegi bat badugu", nabarmendu du.
"Elkarbizitza ezin da inposatu", errepikatu du Egibarrek. Era berean, "elkarrenganako errespetutik adostu behar da", esan du. "Hori da erronka, etorkizun hori irabazteko gure herriak behar duen status politikoan asmatu behar dugu", adierazi du.
Bestalde, testuinguru politikoa "aldatu" dela gogorarazi du GBBko presidenteak. Buruzagi jeltzalearen ahotan, EH Bilduk "Estatu arrazoiak kudeatzen dituen alderdia izan nahi du". "Gure taldeak Madrilen bezalaxe, erabakigarriak izan nahi dute, eta ondoren beste aliantza paradigma bat ezarri, eta zilegi da", erantsi du.
Bestalde, Arantxa Tapiaren esanetan, EAJk "hitza bete" du legealdi honetan. Zerrenda guztiak "demokratikoki eta modu gardenean" prestatu dituzte, jeltzaleek "gure oinarriei eta gizarteari entzuten diegulako", goraipatu duenez. "Guztiek ezin dute berdina esan", gaineratu du.
Azkenik, EAJren lehentasuna "herri honen etorkizun politiko eta soziala bermatzea" dela ziurtatu du Bakartxo Tejeriak. "Euskal herritarrek erabakitakoa errespetatzea" eskatu du, "etorkizuneko bermerik onena delako".