EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

APIRILAK 5

Iriarte: "Herritarrak aintzat hartu eta egia esango duen Gobernua behar dugu"

EH Bilduren Ondarroako egoitza berriaren inaugurazio ekitaldian hitz egin du lehendakarigaiak. Zaldibarko zabortegiaren luizian desagertutako bi langileak izan ditu gogoan, hitzaldiaren hasieran.

Maddalen Iriarte, gaur, Ondarroan. Argazkia: @ehbildu
Maddalen Iriarte, gaur, Ondarroan.
Maddalen Iriarte, gaur, Ondarroan. Argazkia: @ehbildu

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako EH Bilduren lehenkarigaiak herritarrentzat eta herritarrekin lan egingo duen Gobernu bat eraikitzeko premia nabarmendu du gaur, ezker abertzaleko koalizioak Ondarroan zabaldu duen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldian.  "Behar dugu gobernu bat herritarrak aintzat hartuko dituena, arduraz jokatuko duena, herritarrentzat erantzunak izango dituena, autokonplazentzian jausi gabe eta gauzak biharko utzi gabe", esan du.

Zaldibarko zabortegiaren luizian desagertutako bi langileak gogoratuz hasi du bere hitzaldia Iriartek, eta "ziurgabetasun handiko garaiak bizi" ditugula esan du. Horren aurrean,  herritarrei "bide ziurrak" eraikitzen laguntzeko prest agertu da EH Bildu.

Herri modura Euskal Herriak "izugarrizko erronkak" dituela azpimarratu du EH Bilduren lehendakarigaiak, eta besteak beste, trantsizio energetikoa, demografia, industria, lehen sektorea, hezkuntza eta osasun sistema aipatu ditu. "Horregatik behar dugu beste alde batetara begiratuko ez duen gobernu bat, jendea zainduko duena, bizi proiektu bat egiteko bidea erraztuko duena", gaineratu du.

Mundua aldatzen jarraitzeko "konpromisoa" eskatu die bertan bildutakoei Iriartek, "aldaketak beti talde txiki konprometituetatik hasten" direla nabarmen du. "Herri hontan asko dakigu hortaz", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Ondarroa Albisteak Hauteskundeak