EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

APIRILAK 5

Euskadiko PPren zuzendaritza astelehenean bilduko da, Cs-ekin adostutakoa aztertzeko

Ana Beltran PPren Antolakuntza idazkariordeak gaur esan duenez, euskal herritar guztien interesak kontuan hartuta adostu dute koalizioa egitea.

Alfonso Alonso, Euskadiko PPren burua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Alfonso Alonso, Euskadiko PPren burua.
Alfonso Alonsok PPko zerrendaburu izaten jarraitzen du, desadostasunak gorabehera

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hautsak harrotu ditu Euskadiko PPren baitan, euren onespenik gabe, PPren zuzendaritza nagusiak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Ciudadanosekin itxitako akordioak. Asteazkenean izenpetu zuten ituna, eta berehala adierazi zuen Alfonso Alonso Euskadiko popularren buruak bere desadostasuna.  Zuzendaritzaren bilera deitu du astelehenerako, egoera aztertu eta aurrera begirako erabakiak hartzeko.

Euskadiko PPtik jakitera eman dutenez, Alonsok ez du dimisiorik emango, eta "aukera hori aztertu ere ez dute egin".

Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak eta Carlos Cuadrado Ciudadanoseko idazkari nagusiordeak adostutakoaren arabera, alderdi laranjak, gutxienez, bi ordezkari bermatuta izango lituzke Legebiltzarrean (Bizkaiko eta Arabako zerrendetako bigarrenak). Proposamen hori onartezintzat jo zuten EAEko popularrek, Cs-ek egun ez baitu ordezkari bakar bat ere ez Gasteizko Ganberan, ez batzar nagusietan ezta udaletan ere.

Alonsoren arabera, beti defendatu izan dute Ciudadanosekin akordioetara iristea, "Euskadin alternatiba konstituzionalista bat indartzeko bidean", baina "hemengo errealitatera egokituta".

Madrildik atzera egiteko borondaterik erakutsi ez dutenez, ikusteko dago asteleheneko zuzendaritza-bileran Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako buruzagi popularrek zer erabaki hartuko duten.

"Talde ikuskera"

Bere aldetik, Ana Beltran PPren Antolakuntza idazkariordeak gaur esan duenez, euskal herritar guztien interesak kontuan hartuta adostu dute koalizioa egitea. Halako koalizioak "talde ikuskera" batetik begiratu behar direla nabarmendu du, "alderdikeriak" alde batera utzita.

Zuzendaritza nagusiarentzat Alonsok jarraitzen duela izaten lehendakarigaia esan du Beltranek, baina azken erabakia bere esku dagoela gaineratu du.

"Harrituta" agertu da PPren Antolakuntza idazkariordea, koalizioa osatzearen albisteak Euskadiko PPn eragin duen krisiarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskadiko PP Ciudadanos Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Alfonso Alonso Hauteskundeak