EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Apirilak 5
Euskadiko PPk onartezintzat jo du Ciudadanosek A5erako proposatutako zerrenda
Ciudadanosek bigarren postua izango luke Arabako eta Bizkaiko zerrendetan. Halaber, Gipuzkoan zer leku izango luketen negoziatzen ari dira Madrilen.
Agentziak | Erredakzioa
Apirilaren 5eko hauteskundeetan koalizioan aurkezteko negoziazioen harira Ciudadanosek proposatu berri duen zerrenda onartezintzat jo du Euskadiko Alderdi Popularrak, izan ere, "horrek ez du zerikusirik hemengo alderdi bakoitzaren errealitatearekin, eta ez da Eskadiko PPrekin egindako akordio baten parte".
Koalizio horretan, Ciudadanosek bigarren postua izango luke Arabako eta Bizkaiko zerrendetan. Halaber, Gipuzkoan zer leku izango luketen negoziatzen ari dira Madrilen, baita koalizio horren gainerako hautagaien izenak ere.
Euskadiko PP, ordea, "proposamen" horretatik aldendu da, "onartezina" dela iritzita. Horrela adierazi du Alfonso Alonso buru duen alderdiak Twitter bidez zabaldutako mezu batean. "Zerrenden negoziazioak errealitatetik abiatu behar du: Euskadiko PPk diputatu 1, 9 legebiltzarkide, 11 batzarkide eta 55 zinegotzi ditu, eta Ciudadanosek, berriz, bat ere ez", nabarmendu du alderdiak.
Dena dela, Euskadiko PP Ciudadanosekin "akordioa lortzeko prest" dago -hautagaitza bateratua aurkezteko epea gaur amaituko da-, Euskadin "konstituzionalismoa indartzeko" helburuarekin, baina koalizioan aurkezteko itun hori "PPren inguruan egin behar da, karguak lehenesten saiatu ordez”.
Madrilen garrantzia kendu diote polemikari
Bestalde, PPko zuzendaritza nagusiak ez du bere iritzia publikoki eman nahi izan EAEko PPren eta Ciudadanosen arteko mezu horiekin sortu den polemikaren inguruan, eta gaiari garrantzia kentzen saiatu da, oraindik negoziazioa zabalik dagoela ziurtatuz. Hala, koalizioan aurkezteko akordioa lortzen dutenean datu gehiago jakinaraziko dituztela azpimarratu du, baita hauteskundeetara aurkeztuko duten programa ere.
Horrez gain, PPk eta Ciudadanosek A5eko hauteskundeetara begira lortutako aurreakordioa arriskuan egotea baztertu dute Madriletik. Ildo horretatik, negoziazioa zabalik dagoela azpimarratu dute, eta alderdi bakoitzak bere interesak babestu nahi dituela.