EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Apirilak 5
2.677 hauteskunde-mahai izango dira apirileko hauteskundeetan
2016an baino 8 mahai gehiago egongo dira hauteskunde autonomikoetan. Hautesleen kopuruak ere gora egingo du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko apirileko hauteskundeetan, 2.677 hauteskunde-mahai izango dira, 2016an baino 8 gehiago. Bizkaia izango da mahai kopurua gehien handitzen duen lurraldea, 4 gehiago izango baititu; Gipuzkoan 3 gehiago izango dira, eta Araban , berriz, bat gehiago.
Hautesleen kopuruak ere gora egingo du. INEk argitaratutako datuen arabera, 1.793.878 pertsonak eman ahalko dute boza apirilean (aurreko hauteskundeetan baino 10.467 gehiago). Kasu honetan, Araban haziko da gehien hautesleen kopurua, 4.094 gehiago izango baitira; Gipuzkoan, 3.609 hautesle gehiago gehitu dira erroldara, eta Bizkaian, 2.768 gehiago.
EAEko biztanleen artean, 63.598k lehen aldiz bozkatu ahal izango dute hauteskunde autonomiko hauetan, 2016ko iraileko hauteskundeetatik 18 urte bete baitituzte.
Atzerrian bizi diren euskal herritarren artean, 75.633k izango dute botoa emateko eskubidea. Frantzia, Argentina, Mexiko, Txile eta Ameriketako Estatu Batuak dira EAEko hauteskunde hauetan botoa emateko eskubidea duten boto-emaile gehien dituzten herrialdeak.
Otsailaren 10etik 24ra arte izango da eskuragai hauteskunde-errolda Espainiako estatuan, udaletxeetan eta Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia ordezkaritzetan. Atzerrian bizi diren boto-emaileek, berriz, epe berean kontsultatu ahalko dituzte euren inskripzioari buruzko datuak bulego kontsularretan.