EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
A5
Ia 1,8 milioi hauteslek eman ahal izango dute botoa apirilaren 5eko hauteskundeetan
Hain zuzen ere, 1.788.719 lagunek izango dute bozkatzeko aukera; horietako 75.169 atzerrian bizi dira. Legebiltzarreko 75 ordezkariak hautatu beharko dituzte guztiek.
Agentziak | Erredakzioa
1.788.719 hauteslek eman ahal izango dute botoa apirilaren 5eko EAEko hauteskundeetan. Horietako 75.169 atzerrian bizi dira, baina bozkatzeko eskubidea dute. Guztien artean, Legebiltzarreko 75 ordezkariak hautatu beharko dituzte egun horretan.
Azken hauteskunde autonomikoetan, 2016ko irailaren 25ean, 1.778.776 lagunek izan zuten botoa emateko aukera. Hortaz, hautesle-erroldak % 0,56 egin du gora, duela lau urteko datuekin alderatuta.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 257.990 lagunek izango dute bozkatzeko eskubidea, Bizkaian 947.791k, eta Gipuzkoan 582.938k. Atzerrian bizi diren eta botoa emateko aukera duten hautesleen kopuruak ere gora egin du; aurtengo hauteskundeetan 2016koetan baino 6.010 gehiago izango dira.
Martxoaren 7tik 11ra bitartean, hauteskunde-mahaiak zozkatuko dituzte
Martxoaren 7a eta 11 bitartean zozkatuko dute hauteskunde-mahaietan nortzuk izango diren, eta martxoaren 12a eta 14a bitartean jakinaraziko diete (jakinarazpenarekin batera, argibideen eskuliburuak ere jasoko dituzte mahaietako presidenteek eta kideek). 2016ko hauteskundeetan, 720 hauteskunde-toki izan ziren Euskadin (101 Araban, 338 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan), eta guztira 2.593 mahai izan ziren; 7.779 kidek osatu zituzten (15.558 ordezko deitu zituzten, badaezpada).
Martxoaren 26ra arte eskatu ahalko da posta bidezko botoa. Atzerrian bizi diren eta bozkatu nahi dutenek, baina, martxoaren 7ra arte dute eskaria egiteko, eta botoa braillez emateko asmoa dutenek otsailaren 11tik dute aukera hori eskatzeko.
Hauteskunde-kanpaina martxoaren 20an hasiko da. Hauteskunde-batzordeak arduratuko dira hauteskunde-prozesua gainbegiratzeaz, eta 115 lagunek osatuko dituzte. Apirilaren 5eko hauteskundeetako prozesua astearte honetan hasi da, deialdia Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuta, eta maiatzaren hasieran amaituko da ziur aski, Ganbera osatzen dutenean.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearte honetan adierazi duenez, Jaurlaritzaren nahia da gobernu berria uda hasi aurretik osatzea; nolanahi ere, apirilaren 5eko emaitzek baldintzatuko dute asmo hori.