EITB TALDEA
PUNTU EUS
10 urte, eitb.com-ek eitb.eus izateko prozesua abiatu zuenetik
EiTB Media
Euskal Irrati Telebistaren informazio eta entretenimendu ataria aitzindarietako bat izan zen .eus domeinurako jauzia egiten, eta dagoeneko 15.000 webgunek dute .eus domeinua.
-
eitb.com-etik eitb.eus-erako jauzia, duela 10 urte. Irudia: EiTB Media
Gaurko egunez duela 10 urte, 2014ko ekainaren 28an, eitb.eus izateko prozesua abiatu zuen Euskal Irrati Telebistaren informazio eta entretenimendu atariak, 15 urte baino gehiagoz erabili duen domeinua (.com) atzean utzita.
PuntuEus Fundazioak domeinu berriaren 92 aitzindari aukeratu zituen eta horien artean izan zen EiTBren webgunea, erakunde, hedabide, kirol talde, alderdi politiko, kultur elkarte, sindikatu eta gizarte taldeekin batera.
Hasiera batean eta prozesua amaitu arte, nabigatzailean eitb.eus jarrita eitb.com atarira bideratzen zen erabiltzailea. Migrazioa amaituta, atariko orri guztietatik eitb.eus domeinura sarbide zuzena ahalbidetu zen.
Orain hamar urte albiste izan zen, esaterako, Juan Martinez de Irujo pilotariak Buruz Buruko bosgarren txapela jantzi zuela Julen Retegiri 22-9 irabazita. Politika arloan, Eduardo Madina PSOEren idazkari nagusia izateko hautagaietako bat zen Pedro Sanchezerekin Jose Antonio Perez Tapiasekin batera, eta ekonomian, Fagor Etxetresnak eskuratzeko eskaintzak egiteko epea ixtear zegoen.
2014an lehen pausoak eman eta hamar urtera, euskara eta euskal kulturaren komunitatearen interneteko goi mailako domeinuak 15.000 web orriren langa gainditu du. Josu Waliño PuntuEus Fundazioko lehendakariaren arabera, komunitate fidela du domeinuak, eta sorreratik egin moduan, gaur gaurkoz hazteko joerari eusten dio.
PuntuEUSen Behatokiak aztertutako datuei erreparatuta, .eus domeinua erabiltzen duten webguneen artean, % 75ek euskarazko edukia argitaratzen dute eta, beraz, .com edo .es bezalako domeinuekin alderatuz gero, euskararen presentzia askoz handiagoa da.