Itxi

EITB TALDEA

Aro politiko berria Euskadin

Lehendakariaren inbestidura-eztabaidaren eta kargu-hartze ekitaldiaren jarraipenik zabalena egingo du EITBk

EITB MEDIA

Ostegunean Legebiltzarreko Osoko Bilkura zuzenean eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. "Teleberri" eta "Gaur Egun" bereziak egingo dira bertatik, eta Gasteizetik emitituko dituzte Radio Euskadiko "Boulevard" eta Euskadi Irratiko "Faktoria". Larunbateko kargu-hartze eta zina ere emango dira.

  • Lehendakariaren inbestidura-eztabaida eta kargu-hartze ekitaldia, EITBn

    Lehendakariaren inbestidura-eztabaida eta kargu-hartze ekitaldia, EITBn

Aro politiko berri bat irekiko da Euskadin, eta EITB erreferente izango de berriz ere hitzordu informatibo nagusi honetan. Ostegun honetan, ekainak 20, EITBko hedabideek gertutik jarraituko dute lehendakari berriaren inbestidura-saioa, Eusko Legebiltzarretik bertatik egingo diren programazio eta albistegi bereziekin. Larunbatean, berriz, kargua hartu eta zina egingo du lehendakari berriak Gernikan, eta hori ere EITBn jarraitzeko aukera izango da.

Hala, Euskal Telebistak bi hitzorduak eskainiko ditu, zuzenean. ETB1en izango da, eta eitb.eus-en eta EITB Nahieran-en ere jarraitu ahal izango da seinalea. Ostegunean, 09:30etik aurrera, Amaia Cayerok egingo du kontakizuna, eta arratsaldean Odei Esnaolak hartuko du lekukoa. Gainera, egun horretan ETB1ek eta ETB2k "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegi bereziak egingo dituzte Legebiltzarretik: eguerdian Jonan Apaolazak eta Saioa Martijak gidatuta, eta gauean Juan Carlos Etxeberriak eta Nerea Reparazek. Nola ez, "En Jake" eta "Quédate" saioek jarraipen berezia egingo diote Eusko Legebiltzarrean gertatzen den guztiari.

Irratiei dagokienez, ostegunean "Boulevard" berezia izango da bertarik, Dani Alvarez Radio Euskadiko albistegietako buruak zuzenduta eta aurkeztuta. Euskadi Irratia ere Gasteizetik arituko da, eta bertan "Faktoria" berezia egingo dute, Iñaki Guridiren eskutik. Bi hautagaien hitzaldiak bertatik bertara jarraitu eta aztertuko dituzte, hainbat kolaboratzailerekin. Radio Vitoriak, bestalde, solasaldia egingo du legebiltzarkide ohiekin 08:30ean, eta gertutik jarraituko du eguna "Radio Vitoria Gaur" goizeko albistegian, Aratz Goikoetxearen gidaritzapean. Nola ez, osoko bilkuraren azken ordua eitb.eus-en, EITB Albisteak appan eta sare sozialetan jarraitu ahal izango da.

Larunbatean, ekainak 22, Gernikako Batzar Etxean izango da informazio gunea. Bertatik, EITBk zuzenean eskainiko du lehendakari berriaren kargu-hartzea eta zina. Iñigo Urkulluren eskutik jasoko du aginte-makila, eta ETB1en eta eitb.eus-en izango da ekitaldia ikusgai, 11:50etik aurrera, Iban Garatek aurkeztuta. Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria ere Gernikan izango dira, hitzordua zuzenean eskaintzeko. Eguneko gaurkotasun osoa EITBren euskarri digitaletan ere jarraitu ahal izango da.