Itxi

EITB TALDEA

Pausoz pauso, bidea egiten

Bartzelona vs Reala partida zuzenean eta programazio berezia Zaragozatik: finalaren emozio guztia, EITBn

EITB MEDIA

ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute maiatzaren 18ko norgehiagoka, euskaraz; eta Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere jarraitu ahalko da. EITBk bat egingo du Donostian egingo den jai handiarekin: "Irabazi Arte", "Go!azen", MAKUSI, Gaztearen DJa eta pantaila erraldoia jarriko ditu.

1:17

EITBk zuzenean eskainiko du maiatzaren 18an Bartzelonak eta Realak jokatuko duten Erreginaren Kopako finala. ETB2n eta eitb.eus-en eskainiko da, euskaraz; eta Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu ahal izango da norgehiagoka. 

Finalaren emozio guztia zuzenean eskaintzeko, EITBk programazio berezia prestatu du, eta EITB Mediako lantalde zabala izango da Zaragozan, Kopako azken orduaren berri bertatik bertara emateko telebistan, irratian eta webgunean. Finalari begira, hainbat baliabide eta saio berezi jarriko ditu EITBk: set bereziak, erreportajeak, elkarrizketak eta gonbidatuak...

Joseba Urkiola, aurkezpenean

Joseba Urkiola, aurkezpenean

Gainera, Donostiako Saguesen egingo den festa handian ere parte hartuko du EITBk. Nahia Sillero aktoreak dinamizatu eta aurkeztuko du hitzordua, eta, besteak beste, "Irabazi Arte" gunea (errealitate birtualeko bi set), "Go!azen" ikuskizuna, MAKUSI txokoa eta Gazteako DJa izango dira bertan. Pantaila erraldoia ere ez da faltako, partida bertatik jarraitzeko.

Hori guztia ostegun honetan, maiatzak 9, aurkeztu du EITBk Donostiako Reale Arena estadioan egindako ekitaldian. Han izan dira Nerea Eizagirre eta Garbiñe Etxeberria, Realeko kapitaina eta kirol zuzendaria; Joseba Urkiola eta Amane Ibañez, EITB Mediako Kirol zuzendari eta zuzendariordea; Txetxu Urbieta, Euskadi Irratiko Kirol burua; Diego Arambalza, Radio Euskadiko Kirol burua; Leire Torre "Especial Koparen Bila Zaragoza" saio bereziaren aurkezleetako bat; eta Nahia Sillero bera, Sagueseko jai guneko ekitaldietako aurkezlea, EITBko irrati eta telebistako profesional eta kazetarien ordezkaritza zabalarekin batera.

Realeko Nerea Eizagirre eta Garbiñe Etxeberria ere izan dira aurkepenean

Realeko Nerea Eizagirre eta Garbiñe Etxeberria

Lantalde zabala eta zuzeneko saio bereziak Euskal Telebistan

Maiatzaren 16an ETBko lantaldea Zaragozara joango da, ostiraletik bertatik jarraipen berezia eskaintzeko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan. Ana Ramos eta Jon Balenziagarekin batera, Asier Aranguren, Ane Muruamendiaraz eta Asier Otegi arituko dira bertatik.

Larunbatean, 16:15ean, ETB2n, "Especial Koparen Bila Zaragoza" saio berezia hasiko da, zuzenean, Leire Torrek eta Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuta. Futbol-zelai ondoan jarritako set berezian aurpegi ezagunak hartuko dituzte. Zaragozako zein Donostiako giroaren berri zuzenean emango digute, ETB2ko arratsaldetako ohiko erreportarien lantaldearen eskutik.

Leire Torre, aurkezpenean

Leire Torre, aurkezpenean

18:30ean, berriz, kiroletako lantaldeak hartuko du lekukoa, "Koparen Bila" bereziarekin, euskaraz eta ETB2n: Amane Ibañez izango da platoan, Ana Ramos estadioan eta Asier Aranguren, berriz, elkarrizketekin. 19:00etan hasiko da final handia, eta hau ere ETB2n izango da ikusgai, euskaraz: Naxari Altunak egingo du kontakizuna, Nerea Zusberro eta Larraitz Lukasekin.

Amane Ibañez

Amane Ibañez

Jarraipen berezia irratietan eta webgunean

Euskadi Irratian, Maitane Urbieta, Iñaki Berastegi, Asier Odriozola, Eneritz Aulestia eta Julen San Martin arituko dira lanean Zaragozatik, eta ostiraletik aurrera zuzeneko konexioak egingo dituzte saio eta albistegietan. Larunbatean "Hiru Erregeen Mahaia" saio berezia eskainiko da, 16:00etatik aurrera. Nola ez, finalaren zuzeneko kontaketa ere entzun ahal izango dugu, Maitane Urbietaren ahotsean. Nerea Abancens, Juanan Larrañaga eta Gari Uranga izango ditu alboan.

Radio Euskadi ere buru-belarri arituko da finalarekin. Realaren partidei ahotsa jarri ohi dien Txema Olidenek eta Diego Arambalzak emango digute txuri-urdinen azken ordukoaren, protagonisten eta giroaren berri. Larunbatean, "Crónica de Euskadi Fin de Semana", "Más Que Palabras" eta albistegietan informazioa eta elkarrizketak eskainiko dituzte. 18:00etatik aurrera, "Kirol Festa" saioa hasiko da, Jagoba Arostegik koordinatuta. Finala Romaredatik kontatuko digute Txema Olidenek eta Diego Arambalzak, Luis Fernando Dadie eta María Ortiz de Pinedo, Mery-ren laguntzarekin. Azkenik, Alex Peralek emango digu Donostiako kaleetan biziko den giroaren berri.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadiko lantaldea

Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko lantaldea

EITB Taldeko eduki berezi guztiak ikusgai eta entzungai egongo dira eitb.eus-en: argazkiak, audioak, bideoak… Gainera, kopa finalaren inguruko azken orduaren berri emango dute, eta eduki guztiak bilduko dituen atal berezia prestatuko dute: eitb.eus/erregina-kopa.

Festa erraldoia Saguesen

Kopako finala dela-eta, Donostian, Pausoz pauso, bidea egiten lelopean, antolatu den festa gunean ere parte hartuko du EITBk, Realarekin, Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ikus-entzunezko talde publikoak bat egingo du hitzordu garrantzitsuaren karietara Saguesen egingo den egun beteko familia festarekin, eta haur eta gaztetxoei zuzendutako eskaintza zabala prestatu du.

Nahia

Nahia Sillero

Alde batetik, "Irabazi Arte"ko gunea egongo da, errealitate birtualeko bi set berezirekin: telesail ezaguneko protagonisten paperean sartu eta penaltiak jaurti edo geratzeko aukera izango da bertan. Gainera, Printzesak taldeko Norak, hots, Nahia Sillerok, EITBren guneko aurkezle lanak egingo ditu egun osoz. Bestalde, estreinatu berri den MAKUSI gaztetxoei zuzendutako unibertso digitalak bere txokoa izango du, eta Gaztearen DJak musikaz girotuko du gunea 14:00etatik aurrera. 16:00etan, berriz, "Go!azen" ikuskizuna egongo da bertan, eta, nola ez, festaz gozatzen ari diren pertsonek final handia zuzenean ikusteko pantaila erraldoia jarriko da.

Kopa

Reale Arenan egin da EITBren programazio bereziaren aurkezpena.