Itxi

EITB TALDEA

Aliantza

'.eus' domeinuaren 10. urtemugako ekitaldia egin da EITBren Bilboko egoitzan

Duela 10 urte ere, 2014ko Euskararen Egunean, Puntueus Fundazioak EITBn egin zuen abiarazte-aldian erregistratutako 1292 '.eus' domeinu-izen aktibatzeko ekimena, tartean eitb.eus.

0:00

Gaur, apirilak 15, betetzen dira 10 urte euskarak eta euskal komunitateak Interneten berariazko tokia izateko, lehen '.eus' webgunea sareratu zenetik. Mugarri hori gogora ekartzeko ekitaldia egin du Puntueus Fundazioak EITBren Bilboko egoitzan. Adin eta esparru ezberdinetako 10 lagunekin solasaldia gidatu du Oihane Mateos EITB Mediako Digitaleko Albistegi buruak, euskal domeinuaren 10 urte hauetako ibilbidea ikuspuntu ezberdinetatik begiratzeko. Gonbidatuak izan dira: Iñaki Goirizelaia, Lorea Arakistain, June Ibarloza, Nile Arrizabalaga, Iratxe Esnaola, Josu Waliño Pizarro, Martin Barrutia, Maite Goñi, Xanet Arrizabalaga eta Nacho Amadoz.

Duela hamar urte ere EITB izan zen aukeratutako topagunea dagoeneko erregistratuta zeuden 1292 '.eus' domeinu-izen aktibatzeko, tartean eitb.eus ataria zela. 2014ko abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin bat eginez, ekimen aitzindaria abian jartzeko ekitaldia egin zen Multibox aretoan, erakunde, hedabide, kirol-klub, alderdi politiko, kultura-elkarte, sindikatu eta talde sozialetako ehundik gora ordezkariekin.

Duela hamarkada bat, ekimenaren sustatzaileek argi zuten euskal nortasunak bere lekua izan behar zuela Interneten. Denbora tarte honetan hazkundea etengabekoa izan da eta, gaur egun, 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da.