EITB TALDEA
Agur Felix Linaresi
Dani Alvarezek aurkeztuko du "La Noche de…" asteartetik aurrera
EITB Media
Apirilaren 11n, saioak 1.500 atal betetzen zituen egunean, esan zion agur Linaresek ETB2ko programa beteranoari.
-
Dani Álvarez eta Félix Linares
Dani Alvarez izango da "La Noche de…"ko aurpegi berria datorren asteartetik aurrera. Martxoaren erdialdean iragarri zuen Felix Linaresek saioa aurkezteari utziko diola, eta casting dibertigarri batean ostean, erabaki dute EITBko kazetaria izango dela bere ordezkoa. Apirilaren 11n, sorpresaz eta momentu bereziz jositako saio berezian, eman zion lekukoa Felixek Daniri.
Dani Alvarezek 2000. urtean hasi zuen bere ibilbide profesionala bekadun gisa Radio Euskadin. "Ganbara" irratsaioa gidatu zuen 2004tik 2009ra, eta, ondoren, "Boulevard" albistegi erreferentearen buru izan zen hamaika urtez. 2020ko irailetik "Cronica de Euskadi" eguerdiko albistegia zuzentzen du, eta Radio Euskadiko Albistegietako burua da. Horrez gain, hainbat telebista saio aurkeztu ditu: "Politicamente Incorrecto" (2009), "Plato 2.0" (2009-2010), "El Lector de Huesos" (2016-2017), "El Sabor del Crimen" (2019) eta "El Dia de Mañana" (2021).
Saio berezia, Félix Linaresen agurrerako
Apirilaren 11n utzi dio Felix Linaresek "La Noche De..." aurkezteari. Saioak 1.500 atal betetzen dituen eguna izan du azkena, hain zuzen. ETB2ko zinema saioa 1995eko irailaren 19an hasi zen emititzen, eta ondoren eman ohi den pelikula aurkeztea zuen helburu. Baina urteak igaro ahala, izaera propioa garatu du, eta ETB2ko erreferentziazko saioa bihurtu da.
"La Noche de…" izeneko podcasta
Telebistako ibilbidea amaituko duen arren, Felix Linaresek zinemagintzari lotuta jarraituko du EITBPodkasten. Izan ere, "LND" izeneko podcasta egongo da bertan entzungai, zinema munduko informazio eta bitxikeriekin. Guztira zortzi atal izango ditu.