EITB TALDEA
Errege Kopa
EITBk zuzenean eskainiko ditu Osasunaren eta Athleticen arteko Kopako finalerdiak eta finala, euskaraz
EITB Media
Gaur gauean, Osasuna-Athletic futbol partida zuzenean eskainiko du ETB1ek, 21:00etan. San Mamesen jokatuko den itzuliko norgehiagoka ere euskaraz ikusteko aukera izango da apirilaren 4an.
2023ko Errege Kopako finalerdien eta finalaren emozio guztia zuzenean bizitzeko aukera eskainiko du EITBk, euskaraz. Izan ere, RTVErekin lortutako aliantzari esker, ETB1ek zuzenean eskainiko ditu Osasuna eta Athleticen arteko bi finalerdiak, eta baita Sevillako Kopako finala ere.
Hala, gaur bertan, 21:00etatik aurrera, ETB1en eskainiko da Osasuna-Athletic Kopako norgehiagoka, eta, apirilaren 4an, berriz, zuzenean emango da San Mamesen jokatuko den itzuliko partida. Final handia Sevillan jokatuko da, maiatzaren 6an, eta hitzordu hori ere zuzenean eskainiko du ETB1ek.
Gainera, partida guztien jarraipen zabala egingo du EITBk bere hedabide eta euskarrietan, albistegi eta saio berezien bidez.
Gaur bertan, Osasunak eta Athleticek Iruñean jokatuko duten Errege Kopako finalerdiko joaneko partidaren zuzeneko kontakizuna Jon Balenziagak egingo du, Naxari Altunak, Txema Añibarrok eta Mikel Arruabarrenak langunduta. Norgehiagoka amaitutakoan, EITBren Bilboko egoitzatik, zuzenean, partida aztertzeko saio berezia gidatuko du Ana Ramosek. Janire Fragua, Gorka Iraizoz eta Miguel Angel Lotinarekin batera egingo du, eta konexioak egingo dituzte Sadar futbol zelaiarekin azken ordukoa jasotzeko.
Akordio honek lankidetza-ildo bat irekitzen du EITB eta RTVE telebista publikoen artean, bi kanaletan euskarazko eta gaztelaniazko edukiak simulcastetan emititzeko.