EITB TALDEA
Ondas Saria
Radio Euskadiko "Boulevard" saioak gertutasuneko irratsaiorik onenaren Ondas Saria jaso du
EITB Media
Xabier Garcia Ramsden eta Sonia Hernando saioaren zuzendariek jaso dute saria talde osoaren izenean. Gainera, "Boulevard" saioa Bartzelonatik eskaini dute, eduki eta gonbidatu bereziekin.
-
"Boulevard"eko lantaldea eta Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria
Radio Euskadiko "Boulevard" saioak Gertutasuneko irratsaiorik onenaren Ondas Saria jaso du asteazken honetan (abenduak 14). Sari banaketa Bartzelonako El Liceu Antzokian egin, eta Xabier Garcia Ramsden eta Sonia Hernando saioren zuzendariek jaso dute saria talde osoaren izenean. Halaber, "Boulevard" saioa Bartzelonako Catalunya Radioko estudioetatik eskaini dute.
Gertutasuneko irratsaiorik onena
Radio Euskadiko "Boulevard" saioak Gertutasuneko Irratsaiorik Onena kategorian jaso du Ondas Saria; hain zuzen ere, 2021eko urrian eskainitako euskal kartzelei buruzko saio bereziak irabazi du golardoa.
Radio Euskadik, lehen aldiz, Bizkaia espetxetik egin zuen "Boulevard" saioa, eta Araba eta Gipuzkoa espetxe-zentroekin zuzeneko konexioak egin zituen, preso dauden pertsonen bizipenak, zeldak eta ekonomatua bertatik bertara ezagutzeko.
Ondas sarietako epaimahaiak adierazi duenez: "Saioak bere egin ditu gertutasuneko irratigintzaren balioak, eta espetxeko errealitate ezezaguna barrutik erakutsi du trebetasunez. Alegia, euskal espetxeetako preso eta langileen eguneroko bizitzara gerturatu ditu entzuleak".
'Boulevard' saioko lantaldea
"Boulevard" saio berezia Bartzelonatik
08:00etatik aurrera, Catalunya Radioko estudioetatik gidatu du Xabier Garcia Ramsdenek "Boulevard" saio berezia.
"Boulevard"eko Diálogos atalean, goizeko 08:30etik aurrera, Neus Tomas Gironi eldiario.es-eko zuzendari laguntzaileak, Ferran Casas Manresa Nació Digital hedabideko zuzendariordeak, eta Marta Martin Deiako zuzendariak parte hartu dute.
Horrez gain, hainbat gonbidatu izan dituzte, horien artean: irratsaio onenaren Ondas saria jaso duen Jordi Baste RAC1 irratiko "El Món" saioko zuzendaria; Roger Rubio Mora, TV3ko "Polonia" umore saioko zuzendaria; Marta Pontnou, Generalitateko presidentearen irudi-aholkularia; eta Mikel Lopez Iturriaga El Comidista, Bartzelonan bizi den bilbotarra.
Gainera, eguneko albiste guztiak jaso, eta hainbat gai landu dituzte: besteak beste, adingabeei egindako sexu abusuez aritu dira Albert Limos ARA egunkariko kazetariarekin eta Manuel Barbero Lopez Mans Petits elkarteko kidearekin.