EITB TALDEA
Arkitektura jaialdia
EiTBk ateak irekiko ditu irailaren 22an eta 23an, Open House ekimenaren baitan
Arkitektura jaialdi horri esker, herritarrek 60 eraikin baino gehiago bisitatu ahalko dituzte doan eta gidari baten laguntzaz.
-
EiTB Bilbo
EiTBk Open House ekimenean parte hartuko du aurten ere, eta Bilboko egoitzako ateak irekiko dizkie herritarrei irailaren 22an eta 23an. Bilboko ate irekien jaialdi nagusi hori irailaren laugarren asteburuan egingo da, eta, guztira, 60 eraikin baino gehiago ikusi ahal izango dira barrutik, besteak beste, hauek: Bailen etxe orratza, amerikar etxeak, Passivhaus Bolueta, Ibaigane jauregia, Iberdrola dorrea, Arriaga antzokia, Bilbao Arena kirol jauregia, Bizkaia frontoia, suhiltzaileen egoitza eta EiTB. Horrela, larunbatean eta igandean, bertakoek zein bisitariek aukera paregabea izango dute Bilbo hobeto ulertzeko, bertako arkitektura eta hirigintzaren bidez. Bisitak doakoak izango dira, eta gidari baten laguntzarekin egingo dituzte, hiriburua ezagutzera emateko.
Iaz egin zen lehen aldiz Open House ekimena Bilbon, eta arkitektura jaialdirik handiena bilakatu zen, 35.000 bisitari baino gehiago jaso baitzituen. Aurtengo edizioan, Open Housek metropolira egingo du jauzi, Barakaldora iritsiko baita. Horrela, jaialdia metropoli izaera hartzen hasiko da, itsasadarra protagonista bihurtuta. 2018an, besteak beste, Lasesarre estadioa eta Barakaldoko udaletxea ikusi ahalko dira.
Open House nazioarteko izaera duen arkitektura eta hirigintza jaialdia da, Victoria Thornton-ek Londresen 1992an sortutakoa. Urtero, 48 orduz, herrialde askotako hainbat hiritan, eraikin batzuen ateak irekitzen dituzte, dohainik, herritarren artean diseinuaren eta arkitekturaren presentzia indartzeko asmoz. Bilbon, “48 ordu hiria guztion artean aurkitzeko” lelopean egingo dute.
Informazio gehiago Open Houseren web orrialdean.