Itxi

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#Ekin_klima

EITBren lantaldea Glasgowra heldu da, 2.830 kilometro eginda eta 82 kiloko karbono-aztarna utzita

EITB MEDIA

Hodei Arrausi eta Amaia Larruzea kazetariek eta Amane Iglesias kamerariak 12 egunetan egin dute Bilbotik 'klimaren hiribururako' bidaia, eta ingurumenarentzat hain kaltegarriak ez diren garraiobideak erabili dituzte: bizikleta, trena eta ferrya.

Amaia Larruzea eta Hodei Arrausi Glasgowen.

2.831 kilometro 12 etapatan eginda eta zakuan hainbat istorio dutela heldu da EITBren lantaldea Glasgowra (Eskozia), egunotan COP26 klimaren inguruko goi-bilera hartu duen hirira. Euskal Herrian 12:45 zirenean iritsi dira helmugara Hodei Arrausi eta Amaia Larruzea kazetariak eta Amane Iglesias kameraria.

#EKIN_Klima ekimenaren baitan, 12 egunez izan dira bidaian hirurak. Bilbon abiatu zuten bidaldia, eta 'klimaren hiriburura" heltzeko ingurumenarentzat hain kaltegarriak ez diren garraiobideak erabili dituzte, hala nola, bizikleta, trena eta ferrya. Guztira, 82,85 kiloko karbono-aztarna utzi dute.

Bidean herri txikiak izan dituzte geraleku (Hendaia, Totnes edo Todmorten, esaterako), baina baita hiri handiagoak ere (Nantes, Manchester edo Aberdeen, kasurako). Klima aldaketa, biodibertsitatea edo krisi energetikoa bezalako gai arantzatsuak jorratu dituzte. Horrez gain, larrialdi klimatikoari aurrea hartzeko lanean dauden proiektu eta pertsonak bertatik bertara ezagutu dituzte.

Eguneko kronika bat osatu dute eta sare sozialetan bitakora-digital bat munduratu dute #BilboGlasGOw! traola erabilita. Era berean, hainbat erreportaje landu dituzte:

Desobedientzia zibilaren adibide baten berri eman zuen lantaldeak: "Extintion Rebellion":

Azken aurreko etapan, bestalde, Todmorten herria ezagutarazi zuten, baratze komunitarioa duen herri britainiarra:

1:51

Frantzian, bestalde, Nantesetik gertu dagoen esne ekoizleen kooperatiba baten lorpenen berri eman ziguten:

Azkenik, Europako baso handienetakoan egoteko aukera eduki zuten:

Goi bilera bukatzen denean bueltatuko da Euskal Herrira lantaldea. Itzulerak ere karbono emisio txikia izango du, trenez bueltatuko baitira hirurak.

#EKIN_klima

EITBk bat egingo du larrialdi klimatikoaren gaiarekin udazken honetan, azaroaren 1etik 12ra egingo den Glasgowko goi bileraren karietara. Hala, komunikazio kanpaina berezi bat egingo du #EKIN_klima lelopean, hainbat ekimen sustatuz.

Klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko kontzientziazio kanpaina eta ekimen sorta hau izango da Ikus-Entzunezko Taldeak guztioi eragiten digun kausa sozial horri egingo dion ekarpena. Hain zuzen ere, EITBk martxan jarritako #EKIN_ ekimenaren lehen kausa da larrialdi klimatikoa. Hala, euskal gizarteak dituen kezkei arreta berezia jarriko die Euskal Irrati Telebistak datozen hilabeteotan eta horretarako #EKIN_(+ kausaren izena) kontzeptua erdigunean duen egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, gure gizartean ekiteko beharra azpimarratu nahi du, gure gizartea eraldatu eta hobetzeko.