EiTB MARATOIA
EiTB Maratoia 2019
EiTB Maratoiak errekorra hautsi du, 1.192.658 euro bilduta
EiTB
Bildutako dirua haur-minbiziaren ikerketara bideratuko dute. Gainera, 50.000 lagunek parte hartu dute 'Lau Teilatu' abestiaren ekimenean.
-
EiTB Maratoia 2019, haur-minbiziaren aurkako borrokan. Argazkia: EiTB
2019ko EiTB Maratoiak marka guztiak hautsi ditu, haur-minbiziaren ikerketarako zuzenduko duten 1.192.658 euro bildu dituzte. Haurren minbiziaren borrokaren alde, denen artean egindako ahalegina bihotzez eskertu nahi du EiTBk.
Dohaintzak egiteko telefonoa ostiralean itxi zuten, baina ekarpenak online bidez egiteko aukera dago, urtarrilaren 31era arte.
Bestalde, Zure bertsiorik onena ekimenak inoiz ez bezalako erantzuna izan du eta 'Lau Teilatu'ren 1.500 bideo baino gehiago jaso ditu EiTBk. Euskal Herriko txoko guztietatik, artistek, musika taldeek, abesbatzek, kaletarrek, esparru guztietako jende ezagun eta taldeek landu eta bidali dute 'Lau teilatu'ren bertsioa. 50.000 ahotsek baino gehiagok abestu dute Itoizen kanta ezaguna, eta elkartasun uholde hunkigarria sortu dute haurren minbiziaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko.
Eitb.eus-eko webgunera bideoak igotzeko aukera izango da abenduaren amaierara arte.