12:05

eguraldia

Denboralea

Euria arinduz doa baina ibaien zaintza mantenduko dute oraindik

Erredakzioa

Abisu horia bertan behera utzi du Herrizaingok baina ibaien ubideen gaineko zaintza mantendu du. Arakil nafarra eta Urumea (Hernanin) ibaiak bere ubidetik atera dira, kalteak eragin gabe.

59
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak euriteengatik ezarritako abisu horia bertan behera utzi du. Iragarpenaren arabera, egunak aurrera egin ahala prezipitazioak gutxituz joango dira.

Azken orduetako zaparrada mardulek Euskadiko ibaien ur-goraldia eragin dute. Horrela, Urumea ibaia bere ubidetik apur bat atera da, Hernaniko rugby zelaiaren zonaldean, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Horrek ez du kalterik sortu eta ur maila behera doa.

Larrialdietako zerbitzuak Getxoko Gobela ibaia (Bizkaia) zaintzen aritu dira eta baieztatu dutenez, ur maila ere jaitsi da.

Nafarroan ere arazo anitz eragin ditu azken ordutako denboraleak. Estellerrian eta kantaurialdean izan dira gorabehera gehienak. Euriteak harriak, zuhaitzak eta adarrak barreiatu ditu hainbat errepidetan. Hiri handiagoetan ere arazoak sortu ditu tartean, Iruñean, Tuteran edo Azkoienen. Hauetan teilak, kristalak eta eraikinetako erlaitzak jaurti ditu denboraleak.

Azken orduetako euriteen ondorioz, Nafarroako ibaiak hazita doaz, oraingoz ordea, Arakilek errekak bakarrik egin du gainezka. Uharte-Arakilen, NA-2049 errepideko 13. kilometroan atera da erreka bere bidetik.

Haize bolada zakarrena Baztango bailaran erregistratu dute, Gorramendin, ufadek 114 km/h-rainoko abidura hartu dute. Euritan, berriz, Donezteben bota du gehien, 55 litro metro karratuko.

Iruzkinak