17:27

eguraldia

Iragarpena

Termometroak 30 graduren bueltan

Erredakzioa

Hego haizeak eta tenperatura altuak uda giroa gogoraraziko digute, baina ilusioak ez du luzaroan iraungo eguraldia zeharo aldatuko baita bihar arratsaldean: tenperatura beherakada eta euria.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Beroa eguneko protagonista izango da. Zeruak ia oskarbi egongo dira eta hego-ekialdeko haizeak tenperaturaren gorakada ekarriko dute, bai kostaldean bai barnealdean maximoak 30 gradu ingurukoak izango dira. Bizkaitik sartuko den haize gozoa kostaldean geratuko denez, bero sentsazioa handiagoa izango da barnealdean, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak aditzera eman duenez.

Uda giroa ez du luzaroan iraungo. Bihar, osteguna, tenperatura behera egingo du eta euria bueltatuko da. Goizean laino gutxi egongo da zeruan, baina arratsaldea aurrera egin ahala, guztiz estaliko da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu. Goizeko hego haizeak ipar haizeari lekua utziko dio eguerditik aurrera eta tenperatura jaitsiko da, batez ere, kostaldean; Bilbon eta Donostian termometroek ez dituzte 22-23 graduak gaindituko.

Eguraldi ezegonkorra eta hezea nagusi izango da apirileko azken egunean. Ostiralean, apirilak 30, ekaitz arriskua eta zaparradak nagusi izango dira. Haizeak iparraldetik joko du eta tenperatura apur bat jaitsiko da kostaldean eta 2-3 gradu bitartean barnealdean, bertan, maximoak 22-23 gradukoak izango dira.

Iruzkinak