Teknologia -

Adimen artifiziala

Zer da DeepSeek, AEBko adimen artifizialaren merkatuari astindua eman dion Txinako aplikazioa?

Txinako adimen artifizialeko laguntzaileak kode irekia du, eta doakoa da. Garatzeko sei milioi dolar "bakarrik" bideratu dituzte; lehiakideek, 100-1.000 milioi. Adimen artifizialeko aplikazio deskargatuena bilakatu da eta lurrikara eragin du burtsetan, AEBko konpainia teknologikoen kaltetan.

La app de IA, DeepSeek. Foto: EFE
La app de IA, DeepSeek.

Horrelakoa da DeepSeek, Txinak ChatGPTri aurre egiteko sortu duen adimen artifiziala

0:36

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinaren eta AEBren gerra komertzialaren beste hari mutur bat, adimen artifizialaren (AA) merkatuan. DeepSeek Txinako konpainiak danbatekoa eman du arlo horretan, eta dar-dar batean jarri ditu ChatGPT (OpenAI) eta Metak sortutako adimen artifizialeko aplikazioak. Horren erakusle, Silicon Valleyko konpainia teknologikoek nabarmen egin dute behera burtsetan.

Baina, zer da DeepSeek? Adimen artifizialeko aplikazio bat da, eta AEBko lehiakideen antzera, problema matematikoak ebazten ditu eta modu eraginkorrean erantzuten die egiten zaizkion galderei. Baina, besteek ez bezala, kode irekia du, hau da, edozeinek arakatu, moldatu eta garatu dezake nahieran. Gainera, doakoa da. Low cost (merkea) adimen artifizial hori OpenAi ChatGPTren o1 modeloarekin parekatu dute, prestazio antzekoak baititu.

Euskaraz ere mintzatzen da DeepSeek, Euskadi Irratiak egiaztatu ahal izan duenez. Nolanahi ere, oinarrizko esaldiekin bakarrik moldatzen da ondo, gai konplexuetan ingelesera edo gaztelerara jotzen baitu.

2023an atera zuen Txinako High-Flyer Quant funtsak. Dioenez, bi hilabetean garatu zuten eta sei milioi dolar gastatu zituzten "bakarrik" —AEBko lehiakideak garatzeko, aldiz, 100 eta 1000 milioi dolar artean behar izan zituzten—.

Azken asteotan Txinako eta AEBko App Store dendetan deskargen buru bilakatu da DeepSeek, ChatGPTri berari aurrea hartuta.

Lurrikara burtsetan

Testuinguru honetan, astelehen beltza izan dute AEBko konpainia teknologikoek, eta Estatu Batuetako Nvidia txip fabrikatzaileak % 16,9ko beherakada izan du Wall Streeten,  600.000 milioi dolar galduta. Adituen arabera, kotizatutako enpresa batek egun batean inoiz izandako galerarik handiena da hori. Horrez gain, teknologikoak ez diren baina sektorearekin harremana duten beste batzuek kolpe latza izan dute: Schneider Electricek % ia 10 galdu du, eta Siemensek, % 3,38.

Nikkei Tokioko burtsak ere zenbaki gorriekin (% 1,7 egin du behera) hasi du eguna, Nvidiaren zartakoak sektore osoa herrestan eraman du eta.

Arrakasta horren erdian, DeepSeekek iragarri du zibererasoa pairatu berri duela, eta aldi batez, erabiltzaile berrien erregistroa mugatu behar izan duela.

"DeepSeeken zerbitzuen kontrako eraso gaizto handien ondorioz, erregistroak kale egin dezake. Itxaron ezazu eta geroago saiatu zaitez. Dagoeneko erregistratuta dauden erabiltzaileek arazo barik erabil dezakete aplikazioa. Eskerrik asko gu ulertu eta babesteagatik", ageri da aplikazioa deskargatu eta erregistratzen saiatzen direnei azaltzen zaien mezuan.

Trump: "Gure enpresei egindako ohartarazpena da"

Gogora ekarri behar da Donald Trump AEBko presidenteak adimen artifizialean 500.000 milioi dolarreko inbertsioa egingo duela, Stargate proiektuaren baitan

DeepSeeken arrakastaz galdetuta, Trumpek erantzun du AEBko konpainia teknologikoei egindako "ohartarazpena" dela eta honakoa gaineratu du, Floridan egin duen ekitaldi batean: "Gure industriek berarekin lehiatzen jarri beharko dute gogoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Inteligentzia artifiziala