Teknologia -
Sareak
Metak datuak egiaztatzeko sistema bertan behera utziko du AEBn
Eredu berriak, ingelesez "Community Notes" (komunitatearen oharrak), aukera emango die erabiltzaileei iruzurgileak izan daitezkeen eta testuinguru gehiago behar duten argitalpenak zehazteko. Metak iragarri du Dana White UFC borroka lehiaketaren presidentea eta Trumpen aliatua fitxatu duela.
Agentziak | EITB Media
Meta multinazionalak iragarri du datuak egiaztatzeko erabiltzen duen sistema bertan behera utziko duela. Facebook, Instagram eta Whatsapp plataformak jasotzen ditu Metak eta enpresatik kanpo zeuden adituek egiaztatzen zituzten orain arte datuak. Orain, erabiltzaileen ohartarazpenak erabiliko ditute egiaztapenak egiteko, X sarean erabiltzen dutenaren antzekoa.
Hala jakinarazi du Mark Zuckerberg Metaren ordezkariak. Adierazi duenez, aldaketek, oraingoz, Estatu Batuetan bakarrik izango dute eragina.
Eredu berriak, ingelesez "Community Notes" (komunitatearen oharrak) izenaz ezagutzen denak, aukera emango die Facebook edo Instagrameko erabiltzaileei iruzurgileak izan daitezkeen eta testuinguru gehiago behar duten argitalpenak zehazteko. Orain arte adituek eta datuak egiaztatzeko erakunde independenteek egiten zuten lan hori.
"Datu-egiaztatzaileak kendu, eta X sarean erabiltzen diren ohar komunitarioen antzekoekin ordezkatuko dugu, AEBn hasita", adierazi du Zuckerbergek. "Egoera politiko eta sozial aldakorrari eta adierazpen askatasuna lortzeko nahiari" egotzi dizkie Zuckerbergek aldaketak.
Metak bere plataformak kudeatzeko sortutako sistema "akats gehiegi" egiten ari zirela ere adierazi du Zuckerbergek. Gaineratu du drogekin, terrorismoarekin eta haurren esplotazioarekin lotutako edukia kudeatzen jarraituko dutela.
Era berean, Metak iragarri du Dana White UFC borroka lehiaketaren presidentea eta Trumpen aliatua ere fitxatu dutela. Zuckerbergek jakitera eman duenez, John Elkann —Herbehereetako Exor inbertsio konpainiako kontseilari delegatua eta Ferrari eta Stellantiseko presidente exekutiboa— eta Charlie Songhurst —500 enpresa baino gehiagoren inbertitzailea— administrazio kontseiluan sartuko dira.