Teknologia -
Sakelako telefonoa
Smartphone bat oparitu nahi diozu adingabe bati? Hemen 10 aholku
Gainbegiratzea, erabilera azaltzea, pribatutasuna zaintzea, zaletasun birtualekiko interesa agertzea… dira jarraibideetako batzuk teknologia hori haurren esku uzteko.
agentziak | eitb media
Datuen Babeserako Espainiako Agentziak eta UNICEFek 10 aholku zabaldu dituzte seme-alabei sakelako telefono bat oparitu nahi dieten gurasoei begira, bi parteetatik ardura eta heldutasuna eskatzen dutenak.
1- Lehenik eta behin, 'smartphone'aren ailegaera aurreikustea gomendatu dute, haurrak jakin dezan zergatik eduki behar duen gailu berri hori, zertarako den eta ze ondorio dituen. Ondorioz, gurasoek jakin egin behar dute zein den haurraren heldutasun maila. Adostu egin daiteke haurrarekin telefonoa zertarako erabili, zein app erabili ahalko duen, nori deitu ahal izango dion, zenbat denbora, etab.
2- Gainbegiratzea eta arauak eta mugak ezartzea ere gomendatu dute, sakelako telefonoa ezin baita izan eragozpen bat haurrarentzat garrantzitsuak diren bestelako jarduera batzuetan: lo egitea, ikastea edo 'offline' sozializatzea. Horretarako, erabilgarritzat jotzen da gurasoen kontrolerako softwarea.
3- Garrantzitsua da, era berean, haurrek jakitea sare sozialetan datuak zaindu behar dituztela, ez egiteak ekar ditzakeen ondorioekin batera. Sare sozialeko profila konfiguratzerako garaian, mugatu egin behar da izaera publikoa, nork ikus dezakeen eta ze informazio argitara daitekeen.
4- Seme-alaben gogoko bideojokoekiko interesa agertzea, entretenitzeko, sozializatzeko eta ikasteko bidea ematen baitute. Hala, sare sozialetako ardura berberarekin jokatzen erakuts daiteke, eta adinaren eta heldutasunaren araberako jokoak aukeratu.
5- Adingabea bideojokoetan eta sare sozialetan norekin aritzen den jakitea. Pribatutasuna errespetatuz bada ere, gurasoek interesa agertu behar dute zentzu horretan, eta haurrei erakutsi ez dutela informazio edo argazkirik partekatu behar ezezagunekin. Hala, ziber-jazarpen, xantaia edo 'grooming' (heldu batek haur bati egiten dion sexu ziber-jazarpena) egoerak eragotzi ahal izango dituzte.
6- Haurrak ez du non bizi den, non ikasten duen edo bera aurkitzeko bestelako informaziorik eman behar.
7- Zentzu kritikoa landu behar da adingabearekin, eta gogorarazi behar zaio Interneteko erabakiek isla izan dezaketela bizitza errealean. Hortaz, gogorarazi behar zaio beste pertsona batzuen informazioa ezin dela erabili edo partekatu haren baimenik gabe.
8- Gurasoek eredugarriak izan behar dute seme-alaben aurrean, Interneten haurrek jokatzea nahiko luketen bezala jokatuz. Gainera, gurasoak dira erantzule zibilak haurrek Interneten arau-hausteak egiten badituzte.
9- Haurrentzat deskonexio eremu bat bermatzea. Teknologiarik gabeko tarteak zaintzea seme-alaben garapenerako. Harreman pertsonalak zaintzeko eta aktibatzeko modua ere bada hori.
10- Eremu digitalean dagoenean haurra nola sentitzen den aztertzea. Ongizate fisiko edo psikologikoari kalte egiten dioten egoerak atzematen saiatzea.