Teknologia -
sare sozialak
NBEk deia egin dio Elon Muski Giza Eskubideak Twitterren garapenaren erdigunean jartzeko
Plataformaren kudeaketa eta garapen taldeko kide guztien kaleratzearen ondoren, nazioarteko erakudeak enpresaburuari eskatu dio adierazpen askatasuna bermatzeko, pertsonen eskubideak eta pribatutasuna babesteko eta bereizkeria ez bultzatzeko.
agentziak | eitb media
Volker Türk NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak Elon Musk Twitterreko jabe berriari eskatu dio Giza Eskubideak funtsezkoak izan daitezela plataforma kudeatzeko eta garatzeko, kargua hartu ostean arlo horretako taldeko kide guztiak kaleratu ondoren.
Halaber, Nazio Batuen ordezkariak gogorarazi du adimen artifizial etikoan aritzen ziren langile guztiak baztertu dituela, bi pertsona izan ezik, eta nabarmendu du hasiera hori ez dela "pozteko modukoa".
Türkek larunbat honetan gutun batean gogorarazi duenez, enpresariak "erantzukizun handiak" ditu alor horretan, "plataformak espazio digital gisa jokatzen duen paper eraginkorragatik". Hori dela eta, sare sozialari lotutako kalteak ulertu eta horiei aurre egiteko neurriak hartu behar ditu.
Era berean, adierazpen askatasuna babesteko, pertsonen eskubideak eta pribatutasuna kaltetu ditzakeen edukiaren anplifikazioa saihesteko eta Twitterrek "diskriminazioa, etsaitasuna edo indarkeria" sustatuko ez dituela bermatzeko deia egin dio Muski.
Idatzian, plataformaren abantailak eta aukerak azpimarratu ditu, "mundu komun baterako agenda komunari eskaintzeko asko duelako", baina hori errealitate bihurtzeko eskakizunetan argiak izan behar dutela gaineratu du.