Teknologia -
Sare sozialak
Twitter erosteko kontratua deuseztatzeko asmoa du Elon Muskek
Twitterrek, aldiz, erosketa akordioa betearazteko auzitara joko duela iragarri du. Antza denez, Muskek eta Twitterrek 1.000 milioi dolarreko zigorra adostu zuten, balizko akordioa hausten zuen aldeak ordaintzeko.
Agentziak | EITB Media
Elon Musk Tesla konpainiako sortzaile eta kontseilari delegatuak Twitter erosteko kontratua deuseztatzeko asmoa agertu du, sare soziala iragan apirilean sinatutako akordioaren "hainbat xedapen urratzen" ari dela iritzita.
Handi-mandiaren abokatu taldeak igorritako gutun batean, Muskek erosketa gelditzeko asmoa azaldu dio Twitter sare sozialari. Plataformako kontu faltsuen inguruko informazioa formalki behin baino gehiagotan eskatu dio enpresaburuak konpainiari, baita kontuak ikuskatzeko eta ixteko moduen inguruan ere.
Muskek asteak eman ditu 'bots' kopuruak zenbatzeko era publikoki zalantzan jarriz, eta aditu askok erraldoi teknologikoaren akzioak merkatzeko saiakera bezala ikusi zuten. Orduan, Twitterren akzioek % 6 baino gehiago behera egin zuten, CNN kateak jakitera eman zuenez.
Twitterren akzioek behera egin dute
Gauzak horrela, Twitterren akzioek % 7 baino gehiago behera egin dute astelehen honetan. Konkretuki, % 7,4ko beherakada izan dute saioaren hasieran, eta 34,09 dolarrean kokatu dira, preziorik baxuena martxoaren erdialdetik. Kontuan hartu behar da Musken proposamenak 54,20 dolarreko balioa aurreikusten zuela.
Maiatza erdialdera, erosketa aldi baterako bertan behera utzi zuen handi-mandiak, kontu faltsuen inguruko xehetasunak ezagutzeko zain. Kontu faltsuak erabiltzaileen % 5 baino gutxiago lirateke.
Ondoren, ekainaren hasieran, Musken abokatuek gutun bat igorri zioten AEBko Balore Merkatuaren Batzordeari. Twitter bat-egite akordioaren betebeharrak "urratzen" ari zela salatu zuten aberatsaren abokatuek. Era berean, Elon Muskek "bat-egite akordioa deuseztatzeko eta erosketa aurrera ez eramateko eskubidea" duela ohartarazi zuten.
Gerra auzitegietan
Twitterrek, ostera, erosketa akordioa betearazteko auzitara joko duela iragarri du.
Dirudienez, Muskek eta Twitterrek 1.000 milioi dolarreko zigorra adostu zuten balizko akordioa hausten zuen aldeak ordaintzeko.
Enpresa erostera behartzeko balizko gerra judizialaren aurrean, Muskek bere ohiko hizkuntzarekin erantzun du, memeak erabiliz.
Konkretuki, SpaceX eta Teslako sortzaileak bere erretratu bat erabili du, bineta batzuk osatu eta historiaren bere bertsioa kontatzeko. Hasieran, "Twitter ezin nuela erosi esan zuten", eta ondoren, enpresa erosteko akordioa erdietsi ostean, "ez zuten kontu faltsuen inguruko informaziorik zabaldu", gogorarazi duenez.
Argazkietan barrezka agertzen da. Polemikarekin irabazten duela uste du aberatsak; izan ere, Twitter erostera epaimahai batean "behartu" nahi baldin badute, sare sozialak kontu faltsuen inguruko informazioa eman beharko du Justiziaren aurrean.