Teknologia -
Bizum
Fernando Rodriguez: "Bizumek doakoa izateari uztea erabaki dezakete bankuek"
Pandemiak gure ordainketa ohiturak aldatu ditu. Bizum, mugikorraren bidezko ordainketa zerbitzuak, jada 16 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu Espainiar Estatuan.
EITB MEDIA
Pertsona partikularren artean Bizumaren erabilerak gorakada nabarmena izan du eta, hori dela eta, bankuek zerbitzuaren erabiltze baldintzak aldatzea erabaki dute. Egun batzuen buruan, Bizum bidez jasotako eragiketa kopurua hilabete baten 150 izatetik 60 izatera igaroko da. Aldaketa horrek pertsona partikularrei bakarrik eragingo die.
Fernando Rodriguez Ferrer Bizum zerbitzuaren garapen buruak Radio Euskadiko "Boulevard Informatibo" irratsaioan azaldu duenez, "erabiltzaileen % 0,1ak bakarrik jasotzen ditu hilean 60 eragiketa baino gehiago", eta erabiltzaile bakoitzaren media bost eragiketena dela gaineratu du.
Bizum zerbitzua "partikularren arteko ordainketak egiteko" pentsatuta dago, baina ez partikularren arteko erabilpen profesionalerako. Euskadiko biztanleen % 40k erabiltzen du ordainketa sistema hau, eta 2019an 60 milioi eragiketa egin baziren ere, 2020an 200 milioi izatera igaro ziren. 2021erako eragiketa horiek 450era igotzea aurreikusten dute.
Rodriguezek Bizumaren negozio modeloa azaldu du, eta bere bezeroak bankuak direla gaineratu du. Bizumen "entitate finantzario horiei esker lortzen dituzte diru-sarrerak". Banku horiek dira, hain zuzen ere erabaki dezaketenak "edozein unetan" Bizumak doakoa izateari uztea.
Garapeneko buruaren arabera, etorkizun batean "dirua modu efektiboan erabiltzeak beheranzko joera nabarmena izango du", eta Europan "ordainketa plataforma komun bat izatea sustatzen ari direla azaldu du.