Teknologia -
lehia desleiala
Bruselak posizio gehiegikeria egotzi dio Apple enpresari, 'streaming' bidezko musikan
Bruselak ikerketa sakona abiatu zuen ekainean, Spotify konpainiak, lehia desleiala egotzita, Apple salatu ondoren.
eitb media
Europako Batzordeak Apple estatubatuar konpainiari egotzi dio aplikazioetarako sarbidean "zaindari" gisa jokatzea, eta bere online dendaren bidez streaming bidezko musika-zerbitzuen merkatuan duen posizioaz abusatzea; izan ere, praktika horrek lehia askeari eragiten dio eta Europar Batasunaren arauak urratzen ditu.
Margrethe Vestager Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehia arduradunaren esanetan, atera duten atariko ondorioaren arabaera, Apple konpainiak "lehia gaietan komunitate-araudia urratzen du".
AppMusic-ek streaming bidezko musika eskaintzen duten beste zerbitzu batzuekin lehiatzen du, baina, azaldu duenez, "Applek komisio handiak kobratzen dizkie bere online dendan bere lehiakideei, eta bestelako harpidetza-aukerei buruzko informazioa ematea galarazten die".
Twitter bidez zabaldutako mezu labur batean, Vestagerrek azpimarratu du kontsumitzaileak direla bidegabeko praktika horien ondorioz "galtzaile" ateratzen direnak.
Bruselak ikerketa sakona abiatu zuen ekainean, Spotify konpainiak, lehia desleiala egotzita, Apple salatu ondoren. Multinazionalak erosketa-sistema propioa derrigorrez inposatzen zuelako susmoa zuten. Horrela, ahalmena kentzen zieten aplikazio-garatzaileei eduki berberak beste plataforma batzuetan merkeago kontsumitzeko aukera iPhone eta iPad sistemen erabiltzaileei helarazteko.
Hain zuzen, Applek garatzaileei inposatzen dizkien klausuletako bik kezkatzen dute Brusela, online musika entzuteko aplikazioen kasuetan (Spotify, adibidez). Horien artean dago aplikazioaren erosketa-sistemaren bitartez kontratatutako harpidetza guztien gaineko % 30eko tasa.
Batzordearen ikerketaren arabera, hornitzaile gehienek erabiltzaileen tarifaren barnean sartzen zuten komisio hori, eta horrek zerbitzuen salneurriak garestitzen zituen, Appleren zerbitzu propioen aurrean.