Teknologia -
ZIBERSEGURTASUNA
Ez, pasahitz gisa 12345 jartzea ez da ideia ona
Gaur, otsailak 9, Internet Seguruaren Eguna da, "Insafe-Inhope" erakundeak sustatutako ekimenaren eta Europako Batzordearen laguntzarekin egutegian finkatu dena.
EITB MEDIA
Espainiako Estatuan gehien erabiltzen diren pasahitzak "12345", "123456" eta "123456789" dira, S2 zibersegurtasunean espezializatutako enpresak adierazi duenez. Gainera, egiaztagiri baten lapurretak hainbat zerbitzuri atea ireki diezaiekeela (pasahitzak errepikatuta egon ohi direlako) eta wifi sareak ez ditugula modu seguruan erabiltzen azpimarratu du.
Administrazio publikoak, zibersegurtasuneko adituak eta enpresa espezializatuak bat datoz esateko orduan Interneten nabigatzeko segurtasuna norberarengan hasten dela, eta, beraz, erabiltzaileak direla Interneten modu seguruan mugitzeko neurriak hartu behar dituzten lehenak.
Gainera, pandemian zehar mehatxuak eta arriskuak areagotu egin direla ohartarazi dute zibersegurtasunaren sektoreko hainbat enpresak. Merkataritza elektronikoa joera bat izateari utzi eta premia asko asetzeko irtenbide gisa finkatu dela ikusi dute, eta horrek iruzurren kopurua ere handitu du.
Internet seguruaren eguna
Gaur, otsailak 9, Internet Seguruaren Eguna da. "Internet hobe bat zurekin hasten da: konektatuagoak, seguruagoak" leloa hautatu du Insafe-Inhope nazioarteko erakundeak, Europako Batzordearen laguntzarekin egutegian finkatu den eta urtero bigarren hilabeteko bigarren asteko bigarren egunean egiten den hitzordurako.
Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalak (INCIBE) azaldu duenez, garrantzitsua da teknologia digitalen erabilera segurua eta positiboa sustatzea, batez ere haurren eta gazteen artean, baina baita adinekoen artean ere, telelanak gora egin duelako eta pertsonek gero eta denbora gehiago ematen dutelako ingurune digitaletan.
INCIBEren arabera, Internet "seguruagoa baina hobea ere" izan behar da, eta erabiltzaileek sareko teknologiak eta tresnak "arduraz, errespetuz, ikuspegi kritiko eta sortzailea izanik" erabili behar dituzte.
Internet Segura For Kids (IS4K) plataformak (Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalak Interneten adingabeen segurtasuna sustatzeko sortutako ataria) bat egin du ospakizunarekin, eta erantzukizunez jokatzeko eskatu die haur eta gazteei, baina baita gurasoei, irakasle eta hezitzaileei, enpresei eta arduradun eta agintari politikoei ere.
"Guztiok dugu Interneten desberdintasuna markatzeko ardura", adierazi du, eta erabiltzaile bakoitzak Internet toki "positiboa" izan dadin eta gainerakoekin errespetuz jokatzeko duen erantzukizuna azpimarratu du.