Teknologia -

SARE SOZIALAK

Nola eragingo die WhatsAppen politika berriak Europako erabiltzaileei?

Mezularitza aplikazioaren termino eta baldintzen eguneraketak eztabaida sortu du adituen artean.

WhatsApp. EITBren bideo batetik ateratako irudia
WhatsApp.
WhatsApp. EITBren bideo batetik ateratako irudia

EFE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pribatutasun politika berriak Europako erabiltzaileen datuak babesten dituela adierazi du WhatsAppek. Plataformaren termino eta baldintzen eguneraketak eztabaida sortu du adituen artean. Batzuen esanetan, ez omen du Europako araudia betetzen.

Facebooken arabera, WhatsAppek Europar Batasunetik kanpoko erabiltzaileen datuak konpainiarekin partekatzeko aukera emango duela jakinarazi zutenetik, enpresa "desinformazio kanpaina" batean egon da.

Facebookek Bruselan duen arduradun Aura Sallak adierazi duenez, eguneraketa "erabiltzaileei eta WhatsAppek bezeroekin duen enpresa-konpromisori gardentasun handiagoa emateko” sortu zen. "Europan, Erresuma Batuan barne, WhatsAppen datuen trukean ez dago aldaketarik", gaineratu du.

Hala ere, 2016 eta 2019 bitartean Europako Batzordeko Lehiarako ekonomista burua izan zen Tommaso Valleti ez dago ados adierazpen horiekin. Valletiren ustez, politika berriak EBko erabiltzaileei eragingo die, eta, gainera, "ez du betetzen" datuak babesteko Europako araudia.

Aplikazioaren zerbitzuaren terminoak eta baldintzak aldatzeak metadatuen trukeari eragiten dio, hau da, telefono-zenbakiari, eragiketen datuei, hirugarrenekin (enpresak barne) elkar eragiteko moduari buruzko informazioari, erabiltzen duen gailuari eta IP helbideari, besteak beste. Hala ere, ez du zehazten zer esan nahi duen "biltzen dugun informazioa" atalean eskuragarri dauden beste datu batzuk partekatzea"posible da" adierazten duenean.

Ekonomistak azaldu duenez, "eguneratzeak ez du Datuak Babesteko Arautegi Orokorra betetzen, eta ez dago argi termino eta baldintza berriak zergatik diren ezinbestekoak zerbitzua emateko".

Europako herritarrak babesten dituen araudi hori 2016an sortu zuten, aro digitalean eskubideak indartzeko eta sarearen bidezko jarduera ekonomikoa errazteko. Era berean, enpresen arteko datuen trukea baimentzeaz arduratzen da.

Valletiren ustez, Facebookek  trukeak Europako erabiltzaileei ez diela kalterik egiten esaten duenean “lege-hizkera” baliatzen du argudio gisa, baina, horren hitzetan, "askoz dramatikoagoa" izango da Europako mugetatik kanpo dauden kontsumitzaileentzat.

Ohartarazi duenez, sare sozialeko algoritmoak datuak (WhatsAppekoak eta Facebookekoak) erabiliko ditu korrelazioak aurkitzeko, "edozein erabiltzaileri, baita Europar Batasunekoei ere" aplikatuz.

"Nahiz eta teknikoki EBko mezuak irakurri ez, ez du axola, EBko erabiltzaileei ere modu berean eraso egingo baitzaie eta horien pribatutasuna ere urratuko baita. Beharbada ez legez, baina izpirituz", gaineratu du.

Jan Krämer Europako Erregulazio Zentroko zuzendari-kideak ez du nahitaez gaizki ikusten datuen trukea, "kontsumitzaileen esperientzia hobetzen duelako", baina Facebookek WhatsApp erosi zuenean, 2014an, daturik ez trukatzeko konpromisoa hartu zuela kritikatu du, orain neurri batean hori egiten ari direlako.

Halaber, zerbitzu horiek jendearen "bizitza asko hobetzen dute", eta, hori dela eta, "datuen erabilera gehiegi murriztea ere ez litzateke ona izango", horren hitzetan.

Horrela, Krämerrek plataforma digitalak hobeto arautzearen alde egin du, botere politiko eta ekonomiko handiegia dutelako, eta pozik agertu da Europan zerbitzu digitalak arautuko dituzten lege berriak izango direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Teknologia Europar Batasuna Bizkaia Gipuzkoa Araba WhatsApp Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak Aplikazioak