Teknologia -
Koronabirusa
COVID-19aren arrastoari jarraitzeko app bat martxan jarri du Ibermaticak
Gipuzkoako enpresak ziurtatu duenez, Tecnaliarekin elkarlanean garatutako aplikazioa “koronabirus kutsatuen harremanen jarraipena egiteko gai da”.
Agentzia | Erredakzioa
“COVID-19aren kutsadura kurba murrizteko birusaren arrastoari jarraitzeko aurreneko app-a martxan jarri du” Ibermatica Gipuzkoako enpresak Espainiako Estatuan. “Herrialdean aitzindaria da, garapenean, martxan jartzeko moduan zein aktibazioan”, ziurtatu dute Ibermaticako arduradunek.
Ibermaticak ohar batean jakitera eman duenez, Tecnaliarekin elkarlanean garatutako aplikazioa “koronabirus kutsatu baten harremanen jarraipena modu automatikoan egiteko kapaz da, baina erabiltzaileen pribatutasuna eta datuen kontrola bermatuz”.
Baliabidea “martxan da dagoeneko” milaka telefono adimendunetan. Aldez aurretik, Ibermaticako eta Tecnaliako “5.000 profesional baino gehiagok tresna probatu dute euren telefonoetan”.
EAEko enpresaren hitzetan, “herritarren pribatutasuna” bermaturik dago, “etengabeko kriptografiari eta informazioaren desentralizaziori esker”; izan ere, “erabiltzaileen informazioa ez da zerbitzari zentralen esku uzten, eta horrela datu horiei etekina saihesten du”.
Horretarako, tresnak “informazio guztia dispositiboetan bertan gordetzen eta prozesatzen du”, telefonoetako bluetooth sistemaren bidez. Gainera, “ez dute kokalekurik gordetzen, pribatutasuna bermatzeko”, erantsi du Ibermaticak agirian.
“Erabiltzaileak soilik sistema martxan izan du behar du, noiznahi monitorizazioa aktibatzeko eta indargabetzeko aukerarekin. Positibo ematen baldin badu horren berri eman beharko du aplikazioaren bitartez, harremanak berehala bakartzeko eta osasun arduradunei abisua emateko”, laburbildu du Ibermaticak.
Benetan kutsaturik ez dauden erabiltzaileek adarrik ez jotzeko, datuak egiaztatzeko kode bat sortu du sistemak.
OptiDiC proiektuaren barnean dagoen ekimena da, COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako Sailaren premiazko neurrien markoan.
Antonio Diaz Almagro Ibermaticako Osasun eta AAPP zuzendariak jakinarazi duenez, konpainia “erkidegoetako zenbait gobernurekin elkarrizketan” ari da, beste lurralde batzuetan aplikazioa “lehenbailehen” martxan jartzeko; izan ere, “egun gutxi batzuetan berehala martxan jartzea ahalbidetzen duen bakarra delako”.