Teknologia -
SARE SOZIALAK
Facebookek mugak jarriko dizkio publizitate politikoari
2020ko AEBko presidentetzarako hauteskundeei begira, arauak gogortuko ditu. Iragarki politikoen egileei identifikazioa eskatuko die eta dirua nork jartzen duen azaltzera behartuko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2020an AEBn egingo diren presidentetzarako hauteskundeei begira, Facebook konpainiak mugak jarriko dizkio publizitate politikoari eta bere arauak gogortuko ditu. Zehazki, iragarki politikoak ordaintzen dituztenen inguruko informazio zehatzagoa eskatuko du.
2016ko hauteskunde kanpainan, Errusiako agenteek AEBko ezinegon politikoa sustatu zuten Facebooken jarritako ordaindutako oharren eta jakinarazpenen bitartez. Ondorioz, Mark Zuckerbergek sortutako konpainiak kritika gogorrak jaso zituen.
Gaur gaurkoz, iragarki politikoen egileei identifikatzea eskatzen die Facebookek. Aurrerantzean, dirua nork jartzen duen ere azaldu beharko dute, bai Facebooken eta baita Instagram plataforman ere.
Araudi berria irailaren erdialdera sartuko da indarrean eta iragarleek hilabeteko tartea izango dute horiek betetzeko. Egin ezean, Facebookek iragarki eskaerak baztertuko ditu.