Teknologia -
5G
5G sarearen etorrera dela eta, lurreko telebista digitala sintonizatu beharko da
700 Mhz banda 5G telefonia mugikorrerako zerbitzuentzat libre utzi behar da eta horretarako lurreko telebista digitala sintonizatzea ezinbestekoa izango da.
EFE
5G sarearen etorrera dela eta, Espainiako Gobernuak hainbat neurri hartuko dituela iragarri du. Besteak beste, dibidendu digitala -700 Mhz banda- libre utziko dute eta horretarako ezinbestekoa izango da etxez etxe lurreko telebista digitalak sintonizatzea.
Hona hemen prozesu hau guztia hobeto ulertzeko galderak eta erantzunak:
- Zer da Bigarren Dibidendu Digitala?
700 Mhz banda da eta aurrerantzean 5G sarea zabaltzeko erabiliko dute eta horrek banda zabala landa-eremuetara heltzea bermatuko du. Lurreko telebista sistema analogikotik digitalera igarotakoan, espektro erradioelektriko askoz gutxiago okupatzen dute emisioek. Libre geratu den maiztasun tartea (300 - 375 MHz) operazioaren "dibidendu" modura ulertzen da: dibidendu digitala.
- Zergatik libratu behar da Bigarren Dibidendu Digitala?
Egun, 700 Mhz bandaren zati bat lurreko telebista digitalaren sareak erabiltzen du, baina 2020ko ekainaren 30erako –Europar Batasunak hala aginduta- libre geratu beharko da 5G telefonia mugikorrerako zerbitzuak banda horren bidez zabaldu ahal izateko.
- Zergatik esaten zaio Bigarren Dibidendu Digitala?
Lehendabizikoa 2015ean egin zutelako. 800 Mhz bandaren zati bat libratu zuten, telefonia mugikorraren mesedetan, eta orduan ere ezinbestekoa izan zen telebistak berriro sintonizatzea. Bigarren Dibidendu Digitalaren prozesua ere antzekoa izango da.
- Nola eragingo die aldaketak herritarrei?
Zonaldearen eta eraikinaren araberakoa izango da eragina. Estatuan, 21 milioi pertsonek egokitu beharko dituzte antena kolektiboak. Etxebizitzetan, berriz, nahikoa izango da urrutiko agintearekin telebista berriro sintonizatzea.
- Aldaketa honek telebistako kanaletan eraginik izango al du?
Ez. Kanal kopurua berdina izango da telebista sintonizatu eta gero.
- Noiz hasiko dira aldaketak?
Frekuentzia berriak uztailaren 22tik aurrera jarriko dituzte martxan Mallorcan, Ibizan, Fromenteran, Caceresen eta Huelvan. Denbora tarte batez, telebista kateek aldi berean bi frekuentzietatik emitituko dute, baina 2020ko ekainerako banda zaharra erabat libre geratu beharko da. Herritarrek sei hilabete izango dituzte egokitzapenak egiteko.
- Estatu guztian izango du eragina aldaketak?
Ez. Espainiako Gobernuak onartutako planaren arabera, Estatua 75 esparrutan banatu dute eta zortzitan ez du eraginik izango, telebista kanalak 700 Mhz bandatik emititzen ez direlako. Hauek dira hiri eta erkidego horiek: Asturias, Bartzelona, A Coruña, Menorca, Melilla, Toledo eta Murtzia.
- Zeintzuk izango dira ondorio ekonomikoak?
Antena kolektiboak baimendutako instalatzaile batek aldatu beharko ditu eta kostu ekonomikoa izango du. Espainiako Gobernuak 145 milioi euroko laguntzak iragarri ditu, gastuak arintzeko. Instalazioaren arabera, 100 eta 600 euro arteko laguntzak izango dira. Laguntzak eskatzeko epea irailaren 20an irekiko dute.
- Zer gertatuko da libre utzitako bandarekin?
700 Mhz banda enkantean jarriko dute 2020ko urtarrila eta otsaila bitartean eta bildutako dirua Estatuarentzat izango da.
- 5G sarearena lehendabiziko enkantea da?
Ez. Estatuak 3,6 eta 3,8 Ghz frekuentzien bandarekin egin zuen lehendabiziko enkantea, eta 1.470 milioi euro bildu zituen. Enkante horretan eskuratutako espektroari esker, Vodafone konpainiak 5G sarea merkaturatu zuen joan den ekainean. Horrenbestez, Estatu espainiarrean 5G sarea eskaintzen duen lehen enpresa bilakatu da Vodafone.