Teknologia -
Bilboko Auzitegia
Baztertu egin dute pelikula bat jaisteagatik erabiltzaile bati jarritako demanda
Produktore batek 150 euro ordaintzea eskatu zion Euskateleko bezero bati pelikula bat deskargatu zuelako. Epaileak atzera bota du demanda, deskargatze hori legez kanpoko egin zela frogatu ez delako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'She fighter ltd' zinema produktoreak Internet bidez pelikula bat jaisteagatik Euskalteleko erabiltzaile baten aurka jarritako salaketa atzera bota du Bilboko epaitegi batek.
Hainbat zinema ekoizlek auzitegira jo dute Euskalteleko ehunka bezeroren aurka, pelikulak legez kanpo jaitsi dituztela salatuz.
Lehendabiziko epaia Euskalteleko erabiltzailearen aldekoa izan da. Epaileak baztertu egin baitu produktorearen demanda eta epaiketaren kostuak ordaintzera zigortu du.
Duela hainbat hilabete, Euskalteleko ehunka bezerok produktore ezberdinen mezu elektronikoak jaso zituzten, pelikula bat legez kanpo jaitsi zutela eta horregatik 150 euro ordaindu behar zituztela esanez. Zenbateko hori bost eguneko epean ordaindu ezean, auzitegira joko zutela ohartarazten zuten mezuan.
Euskaltel ere auzi honetako parte da; izan ere, pelikulak deskargatu zituzten bezeroen IP datuak aipatu produktoreei eman zizkien eta horrela eskuratu zituzten haien helbide elektronikoak.
Euskaltelek hiru salaketa jarri ditu Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren aurrean 'Venice PI', 'Reliance Entertainment' eta 'Wind River' zinema ekoizleen aurka bere bezeroen datuak erabilita araudia urratu dutela iritzita.
Halaber, horrelako mezu gehiagorik bidal ez dezatela agindu diezaiela eskatu dio Datuen Babeserako Agentziari.
Dirua eskatuz zinema produktoreren baten mezu elektronikoa edo gutuna jasoz gero, gertakaria berehala Datuen Babeserako Agentziari jakinarazteko gomendatu die Euskaltelek bere bezeroei.