Teknologia -
Internet
Ia 10.000 .eus domeinu erregistratu dituzte bost urtean
19 eurotik hasita, merkeago, erosi eta berriztatu ahalko da aurrerantzean .eus domeinua, ia 10.000 domeinu izateak ahalbidetuta. Ostiralean ospatuko dute bosgarren urtebetetzea, Bilbon.
eitb.eus
Ekainaren 28an beteko dira 5 urte lehenbiziko .eus webguneak sareratu zirenetik, eta, urteurrenaren harira, hainbat ekimenen berri eman du Puntueus Fundazioak.
Iñaki Goirizelaia Fundazioko presidenteak gaur azaldu duenez, “10.000 domeinu lortzear gauden honetan, proiektua bideragarria dela erakutsi dugu, baita egonkorra ere. Ezagunak gara eta konfiantza transmititzen dugu”.
Domeinuaren hedapenaren erakusgarri, prezioa jaisteko moduan daudela adierazi dute berorren arduradunek: “Lortutako domeinu-kopuruak ahalbidetu du .eus ere Interneteko gainerako domeinuentzat ohikoa den prezioan finkatzea. Aurrerantzean, 19 eurotik hasita erosi ahalko da, eta prezio horretan berritu ahalko da hurrengo urteetan ere”, Goirizelaiaren hitzetan.
Erakusketa eta jaia
Urteurreneko ekintzen artean, alde batetik, errealitate areagotuko instalazio bat jarri dute Bilboko metroko San Mamesko geltokian: led pantaila bat ezarri dute, eta erabiltzaileekin interakzioa sortzen da kamera eta proiekzioen bitartez.
Halaber, ospakizun ekitaldia ere antolatu du Puntueus Fundazioak ekainaren 28rako, Bilboko Kafe Antzokian, 11:00etan. Taula gainean, Oreka TX, Mixel Ducau eta Maika Etxekopar arituko dira, eta sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskatu behar da domeinuak.eus webgunean.