Teknologia -
Agiria
Facebookek betoa jarriko die eduki supremazistei, ez euskal independentismoari
Sare sozialak nazionalismo eta separatismo zuriaren aldeko gorespen mezuak debekatuko ditu datorren astetik aurrera bere plataformetan; ez, ordea, euskal independentismoaren aldekoak.
eitb.eus
Facebookek nazionalismo eta separatismo zuriaren aldeko "gorespen, babes eta ordezkaritza edukiak" debekatuko ditu datorren astetik aurrera bere plataforman eta Instagramen ere; ez, ordea, euskal independentismoaren aldekoak, baztertu egin dituelako nazionalismo eta separatismo zuritik.
"Gure politikek arraza, etnia edo erlijioa dela eta gorroto jokabideak debekatu dituzte denbora luzez, baita nagusikeria zuriaren aldekoak ere", zabaldu du konpainiak agiri batean. "Argi dago kontzeptu horiek erabat lotuta daudela gorroto talde antolatuekin eta horiek ez ditugu gurean nahi".
Facebooken esanetan, "hasiera batean ez genuan arrazoibide berdina erabili nazionalismo eta separatismo zuriaren adierazpenetan, nazionalismoa eta separatismoa kontzeptu zabalago baten barruan zeudela uste baigenuen; esaterako, estatubatuarra izatearen urguilua edo euskal independentismoa pertsonen identitatearen zati garrantzitsu bat direlako".
Zeelanda Berrian, orain bi aste inguru, bi meskitaren aurka atentatu terroristak izan ostean hartu du Facebookek neurria; atentatuetan 50 lagun inguru hil ziren.
Terroristak migranteen eta musulmanen aurkako manifestu luzea zabaltzeaz gain, sarraskiaren grabazio zatiak ere argitaratu zituen Faceeboken.