Teknologia -

ERABILTZAILEEK DATUAK AGERIAN

Googlek apirilera aurreratu du Google+ sare sozialaren itxiera

Software akats bat tarteko 52,5 milioi erabiltzaileren datu pertsonalak agerian gelditu ziren azaroaren 7tik 13ra bitartean.

Google. Artxiboko argazkia: EFE
Google
Google. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Google multinazional estatubatuarrak 2019ko abuztutik apirilera aurreratu du Google+ sare sozialaren behin betiko itxiera, segurtasun akats berri bat hauteman ostean. Arazo horren ondorioz, 52.5 milioi erabiltzaileren datu pertsonalak agerian gelditu ziren.

"Softwareari lotutako akats berri hau antzeman ostean, Google+ sare sozialaren itxiera 2019ko abuztutik (hasieran aurreikusitako data) apirilera aurreratzea erabaki dugu", adierazi du David Thacker Googleko produktu kudeaketako presidenteordeak konpainiaren blogean.

"Garapenekoentzat ondorioak izango baditu ere, gure erabiltzaileen (datuen) babesa bermatu nahi dugu. Kaltetuei akatsaren berri ematen hasi gara", gaineratu du.

Akats bat tarteko, 52,5 milioi erabiltzaileren datu pertsonalak (izen-abizenak, helbide elektronikoa, lana eta adina) garapenekoek ikusteko moduan gelditu ziren (baita Google+ sare sozialeko kontua modu pribatuan jarrita duten erabiltzaileen kasuan ere).

Datuak azaroaren 7tik (Googlek softwarearen eguneratzea kaleratu zuenetik) 13ra bitartean izan ziren ikusgai. Orduan, Googlek arazoa hauteman eta konpondu egin zuen.

Konpainiaren esanetan, ez dago frogarik datuen lapurreta egon dela esateko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Google Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zer berritasun daude Interneten?