Teknologia -
2017-2018ko First Lego League
Euskal ikasleak, espazioan dauden astronauten bizimodua hobetzeko ideien bila
First Lego League lehiaketaren 10. edizioko parte-hartzaileek misio espazialetako tripulazioaren arazoak konpontzeko proposamenak egin beharko dituzte. Izena emateko epea zabalik dago.
EITB.EUS
Nolakoa da bizitza espazioan? Zer-nolako arazoei egin behar diete aurre astronautek? Zelan hobetu daiteke horien egunerakoa? Nola lagundu sortzen zaizkien osasun eta arazo psikologikoetan?
Erantzunak interesatzen bazaizkizu eta 6 eta 16 urte artean badituzu, First Lego League da zure lekua. Nazioarteko hezkuntza programa bat da, eta ikasle gazteen artean zientzia eta teknologia alorreko ikasketa eta ezagutzak handitzeko asmoa du, baita haurren artean mota horretako konpetentziak sustatzekoa ere.
Otsailean abiatuko dute aurtengo lehiaketa, 10.a, eta izena emateko epea zabaldu dute jada. Interesa duten eskolek urriaren 15era arte dute 10 ikasleko taldeak osatzeko. Bi kategoria daude: 6-9 urtekoen kategoria eta 10-16 urtekoena.
Euskal Autonomia Erkidegoan Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentziak bultzatzen du ekimena, eta euskal ikasleei parte hartzeko deia egin die. Izan ere, enpresek profil teknikodun gazteak behar dituzte. Zoritxarrez, behera egin du ikasketa teknikoetan izena ematen dutenen kopuruak, batez ere emakumeen artean (% 13, azken lau urteetan).
First Lego League klasiko bihurtu da. Azken 10 urteotan, 4.200 euskal ikaslek parte hartu dute. Nazioartean, berriz, 98 herrialdeetako 320.000 haur-gaztek eman dute izena ikasturte honetan.