Teknologia -
Laguntzaile digitala
Porschek 'made in Euskadi' izenpeko adimen artifiziala izango du
Sherpa euskal enpresak eskaintza berria aurkeztu du etxeko, automozio eta gailu mugikorren esparruetara zuzendua, teknologia prediktiboan oinarrituta.
eitb.eus
Porsche Alemaniako enpresa Sherpa euskal enpresak garatutako teknologia erabiliko duen bezero berrietako bat da. Sherpa laguntzaile digitalen eta adimen artifizialaren sektorean liderra da, eta aste honetan Sherpa Platform aurkeztu du, Sherparen teknologia prediktiboan oinarritutako plataforma eta APIak, enpresa esparrura egokituta.
Sherpa Platform enpresaren produktu korporatiboa da, eta sektoreko enpresa nagusiekin ari da lehenengo akordioak ixten, esaterako Porsche auto ekoizle alemaniarrarekin.
Sherparen adimen artifiziala algoritmoetan oinarritutako sistema da eta, horren bidez, Sherpak ulertzeko gaitasuna garatzen du. Erabiltzailearen zaletasunak, joerak, interesak eta bestelako informazio interesgarria ikasten du, beharrizanei modu egokiagoan erantzunda.
Sherpa Platformen hiru ardatz nagusi daude: Home, Mobile eta Car, eta merkatuan horren moduko teknologia ingelesez eta gaztelaniaz eskaintzen duen bakarra. Euskal enpresak baditu lehen mailako bezeroak, aipatu bezala, Porsche Alemaniako enpresa, eta beste hiru multinazionalekin akordioak ixtear ditu.
"Hiru urte eman ditugu teknologia berrian lanean, zaratarik egin gabe, baina bazen ordua iragartzeko. Produktu honen bidez, enpresa merkatuan sartuko dugu burua, zehatz-mehatz, automozioan eta etxerako gailu adimentsuenen esparruan. Iragarpen honen atzetik beste batzuk helduko dira laster", esan du Xabi Uribe-Etxebarria Sherparen CEO eta sortzaileak.
Sherpa plataformak adimen artifizialeko algoritmo aurreratuenetan oinarritutako teknologia prediktiboa eskaintzen die enpresei, erabiltzaileari konponbideak modu zehatzagoan eskainiz.
Sherpak datuak aztertu egiten ditu eta, horrela, ikasi eta perfil demografikoak, zaletasun pertsonalak, erabiltzaileen ohiturak etab eguneratzeko gai da, gaur egun beste inork ez bezala.