Teknologia -
Biografia
Hawking, kosmosaren iraultzailea
Einsteinen oinordekotzat jotzen dute askok, Fisikaren iraultza egin zuen espazio-denboraren gaineko teoriekin, 'big bang' teoriarekin eta zulo beltzen erradiazioarekin.
agentziak | erredakzioa
Stephen William Hawking fisikaria eta teoriagilea gaur egungo astrofisikaren aurkikuntza handi askoren egilea da, esaterako, espazio-denboraren gaineko teoria berria eta zulo beltzen erradiazioa. 76 urterekin zendu da Hawking, bere Cambridgeko etxean.
Oxfordeko intelektualen familia batean jaio zen, 1942ko urtarrilak 8an, eta Oxfordeko Unibertsitatean hasi zituen ikasketak 1959an. Ondoren, doktoretza egin zuen Fisika Teorikoan eta Kosmologian, Cambridgen.
1963an alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten. Endekapenezko gaixotasunak, urteak igaro ahala, galarazi zion mugitu eta hitz egitea, eta sistema elektroniko aurreratu bat baliatu behar izan zen gainerakoekin komunikatu ahal izateko.
Doktoretza egin ostean, ikerketan, eta Gonville eta Caius ikastetxe nagusietan irakasle lanetan sartu zen buru belarri.
1977an Cambridgeko Fisika Teorikoaren eta Matematika Aplikatuen Departamentuan sartu zen, eta han Fisika Grabitazionala irakasle izendatu zuten.
1980an Matematika Aplikatuen eta Fisika Teorikoaren katedra Lucasiandarrarene, Cambridgeko garrantzitsuenaren, buru izan zen, hain zuzen, Isaac Newtonek 1663an hartu zuena.
1985ean pneumonia larri bat izan zuen Suitzan zegoela, eta medikuek bizitzari lotuta mantentzen zuen makina kentzea gomendatu zioten. Erresuma Batura bidali zuten berehala, eta han trakeotomia egin zioten, bizitza salbatuta, baina ahots barik utzita.
2005az geroztik, begi baten azpiko gihar bat mugituta komunikatzen zen, sintetizadore bat erabilita.
Hawkingek bizitza osoa eman zuen unibertsoaren ikerketan eta, Roger Penrose kidearekin batera, Albert Einsteinen erlatibitatearen teoriari jarraituta espazio-denborak hasiera, big bang', eta amaiera, zulo beltzen barruan, izan behar zuela erakutsi zuen.
1970eko hamarkadaren erdialdean, gainera, beste aurkikuntza bat egin zuen; mekanika kuantikoaren eta erlatibitate orokorraren teoriak aintzat hartuta, zulo beltzak ez dira erabat beltzak, erradiazioa igortzen baitute. Orduz geroztik, 'Hawking erradiazioa' izenez ezagutzen da.
Einsteinen oinordekotzat jotzen dute askok, Fisikaren iraultza egin zuen espazio-denboraren gaineko teoriekin, 'big bang' teoriarekin eta zulo beltzen erradiazioarekin. Hori guztia 'Denboraren historia laburra' izeneko liburuan argitaratu zuen 1988an. Liburu horren 25 milioi ale baino gehiago saldu ditu.
Era berean, zientziaren dibulgatzaile amorratua izan zen, eta unibertsoaren sorreraren eta zulo beltzen inguruko teoriengatik ezagutzen da bere izena han-hemenka. 1993 eta 1996 bitartean, 'Denboraren historia labur bat' liburuan oinarritutako 'Stephen Hawkingen unibertsoa' (BBC) telesailean lan egin zuen.
Hawkingek berak aurretik egindako zulo beltzen gaineko teoria berraztertu zuen, eta berri bat aurkeztu, 2004an. Zalantzan jarri zuen amaierarik gabeko zulo moduko bat izatea, aurretik esan bezala.
Alabaina, beste liburu asko idatzi zituen: 'The Large Scale Structure of Spacetime' (1973) George Ellisekin batera idatzia; 'Erlatibiate orokorra: Azterketa, Einsteinen hogeigarren urteurrenean' (1979), Werner Israelekin; 'Three Hundred Years of Gravitation', Werner Israelekin ere bai; 'The Nature of Space and Time', Roger Penrosekin eta 'The Universe in a Nutshell' (2000), besteak beste.
Nahiz eta elbarritasuna pairatu, energia eta bizi handia zuela erakutsi zuen hainbatetan. Hala, adibidez, Zero Gravity enpresa estatubatuarrak gonbidatuta, 2007ko apirilaren 26an estratosferara egin zuen bidaia, eta grabitate ezaren sentsazioa bizi zuen.
2008ko martxoan, 'Unibertsoaren gako sekretua' plazaratu zuen, umeei zuzendutako liburua da, eta Lucy bere alabaren kolaborazioarekin idatzitakoa.
Urte horretan,irailean, Genevako LHC partikula-azeleragailu handiak Hawkingen eta Peter Higgsen fisikoaren arteko ika-mika piztu zuen, Higgsen teoria dela eta.
Hawkingek 100 dolarreko apustua egin zuen, LHC esperimentua partikula topatzeko gai izango ez zelakoan. Apustua galdu zuen 2012an, CERNek Higgsen teoria baieztatu zuenean.
Stephen Hawkingek Cambridgeko katedra utzi eta unibertsitate horretako ikerketa saileko zuzendari kargua hartu zuen.
Gainera, 2015eko uztailean, bizitza estralurtarra bilatzeko proiektu bat aurkeztu zuen, Yuri Milner aberats errusiarraren laguntzarekin.
2016ko apirilean, Hawking Milnerrek ordaindutako programa baten alde agertu zen, espazio ontzi bat beste eguzki-sistema batera bidaltzeko, Alfa Centaurira.
Hawkingek esan zuenez, gizateriaren etorkizuna baldintzatuta dago, ezin baitu beste 1.000 urte biziraun "gure planeta ahuletik" ihes egin gabe.
2016ko azaroan, unibertsoaren espantsioaren gainean gogoeta egin zuen Vatikanoan. Bere esanetan, Big Bang baino lehen zer zegoen galdetzeak ez dauka zentzurik "Hego Poloaren hegoaldean zer dagoen galdetzea bezala baita".
Hawking 1965ean ezkondu zen, Jane Wildekin, eta hiru seme-alaba izan zituen: Robert, Timothy eta Lucy. 1990ean bere erizainarekin bizitzera joan zen, Elain Mason, eta bost urte geroago harekin ezkondu. Horren ostean, genero indarkeria delituak egotzi zizkion emazteak, eta berak ukatu zituen.
2013an bere bizitzari buruzko dokumentala estreinatu zen, Stephen Finniganek zuzenduta, eta 2014an, James Marshen 'Ororen Teoria' film luzea estreinatu zen.