Teknologia -
Espazioa
Elon Musken 'Falcon Heavy' kohetea, munduko ahaltsuena, Martera bidean da jada
Superkoheteak Tesla auto elektriko bat du barruan. Jaurtiketak ikusmin handia piztu du, gizakia Ilargira eraman zuten Apolo misioek piztutakoaren tamainakoa.
Agentziak | Erredakzioa
Falcon Heavy kohete ahaltsua, munduan erabilgarri dagoen indartsuena, Martera bidean dago jada, barruan Tesla auto elektriko bat barruan duela, Euskal Herrian 21:45ak zirenean jaurti baitute Cañaveral lurmuturrean (Floridam, AEB). SpaceX enpresak antolatu du misioa, Elon Musk ekintzaile hegoafrikarraren konpainiak, alegia.
Superkohetea (NASAren Saturno V kohetearen atzetik, ahaltsuena) gizakia Ilargira eraman zuen plataforma beretik jaurti dute. Izan ere, jaurtiketak ikusmin handia piztu du, Apolo misioek (1961-1972) sortutakoaren tamainakoa. Hala, zuzenean jarraitzeko sarrerak saldu dituzte eta milaka bildu dira Cañaveral lurmuturrean.
Falcon Heavy koheteak 70 metro luze ditu eta 66 tona baino gehiago eraman ditzake. Hori da, hain justu, misioaren helburua: espaziora karga erabilgarria eramateko gai ote den argitzea. SpaceX enpresak satelite pisutsuagoak eraman nahi ditu, eta, etorkizunean, gizakiak.
Lehen bidaia honetan Tesla auto elektriko bat (gorria, jomuga duen planetaren gisakoa) darama Falcon Heavy koheteak. Erabakia ez da harritzekoa, Musk marka horren jabea ere badelako.
Tesla gorria 'Falcon Heavy' kohetearen barruan. SpaceX konpainiak EFEri emandako argazkia.
Dena ondo bidean, kohetearen hiru azeleragailuak Lurrera bueltatuko dira, eta Tesla autoa daraman kapsula Martera bidean jarriko da. Honakoa gertatuko da, Muskek berak zabaldutako bideoaren arabera: