Teknologia -
Telebista Internet bidez
Netflix eduki-sorta zabalarekin helduko da urriaren 20an
Internet bidezko telebista zerbitzua hilean 7,99 euro ordainduta erabiltzeko aukera izango da. Harpidedun berri guztiek hilabete bat doan izango dute.
Agentziak | Erredakzioa
Netflix Espainiara laster helduko da. Internet bidezko telebista zerbitzua urriaren 20an eskuragarri egongo da hilean 7,99 euro ordainduta.
Netflixen harpidetu eta eduki-sorta zabala berehala ikusteko aukera izango dute Estatuko erabiltzaileek, besteak beste, telesailak, dokumentalak eta film originalak, eta baita munduko beste programa batzuk ere.
Netflix bereizmen handian eta Ultra HD 4Kn eskuragarri egongo da. Internet konexioa duen edozein pantailatan ikusi ahal izango dute erabiltzaileek, edozein Internet operadoreren bidez.
Hiru pakete
Streaming plataformak konexio bakarreko plan 'basiko' bat eskainiko du hilean 7,99 euro ordainduta, bi konexioko eskaintza 'estandar' bat 9,99 euroren truke eta lau konexioko 'premium' plan bat Ultra HD 4Kn 11,99 euro ordainduta. Harpidetza edozein unetan bertan behera utzi daiteke, eta harpidedun berri guztiek hilabete bat doan izango dute.
Urriaren 20tik aurrera, Smart TV, tablet, smartphone eta bideo-joko kontsolatan Netflix ikusteko aukera izango dute, baita Apple TVn eta Google Chromecasten ere. Era berean, Vodafone Españarekin adostutako akordio bati esker, Vodafone TVn ere izango da Netflix.
Opari txartelak
Gainera, lehen egunetik Netflixeko opari txartelak eskuratu ahal izango dituzte bezeroek GAME, El Corte Ingles, Media Markt, FNAC eta Eroskin.
'Daredevil', 'Sense8', 'Grace and Frankie', 'Unbreakable Kimmy Schmidt', 'Marco Polo', 'Club de Cuervos' eta 'Narcos' jatorrizko telesailak ikusteko aukera izango dute erabiltzaileek, baita 'Chef's Table' dokumental-sorta eta 'Beasts of No Nation' luzemetrai originala ere. Haurrentzako eduki-sorta zabala izango da ere.
Katalogoa etengabe berritzen joango da izenburu berriekin. Filmen artean, aipatzekoak dira 'Crouching Tiger', 'Hidden Dragon: The Green Legend, Jadotville', 'The Ridiculous 6' eta Brad Pitten 'War Machine'.
Erabiltzaileek Netflixen azken albisteen berri izango dute Twitter, Instagram eta Facebook bidez.