Politika -

GERRA KOMERTZIALA

Imanol Pradales: "Europak irmoki, inteligentziaz eta proportzioz erantzun behar du"

Imanol Pradales lehendakariak bilera batera deituko ditu Ameriketako Estatu Batuetara gehien esportatzen duten EAEko enpresak, industria defendatzeko taldearen baitan. Aurreikusitakoaren arabera, 400 milioi euroko gainkostua ekarriko diete muga-zerga berri horiek Euskadiko enpresei.

Imanol Pradales, lehendakaria, gaur, kazetarien aurrean
Imanol Pradales, lehendakaria, gaur, kazetarien aurrean

Imanol Pradales, Trumpen muga zergez: ''Europak erantzun bat eta bakarra eman behar du''

0:46

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpek iragarritako muga-zerga orokorren aurrean, Europak erantzun "irmo" eta "bakarra" eman behar duela defendatu du Imanol Pradales lehendakariak. Gainera, iragarri du Ameriketako Estatu Batuetara gehien esportatzen duten EAEko enpresak premiaz bilera batera deituko dituela, industria defendatzeko sortutako taldearen aterkipean. Lehen kalkuluen arabera, 1.040 enpresa kaltetuko ditu eta 400 milioi euroko gainkostua ekarriko die.

Horrela mintzatu da Imanol Pradales lehendakaria kazetarien aurrean egin duen lehen balorazioan, Bilbon. Donald Trump AEBko presidenteak % 10eko muga-zerga globalak ezarriko dituela iragarri du, herrialde guztietatik inportatutako produktuen gainean; % 20koak Europar Batasuneko produktuen gainean, eta % 34koa, Txinatik esportatukoen gainean.

Lehendakariaren arabera, "Europak irmoki, inteligentziaz eta proportzioz erantzun behar du" Trumpek abiatu duen gerra komertzialaren aurrean. "Erantzun behar dugu gure ekonomia babesteko, gure enpresak babesteko eta gure enplegua babesteko, eta horrek eskatzen du Europaren erantzun bat, eta bakarra. Inportantea da Europan batasuna mantentzea atzo Trumpek iragarritakoaren ostean", gaineratu du. Halaber, Euskadi Bruselarekin elkarlanean arituko dela azpimarratu du, enplegua, enpresak eta lehiakortasuna defendatzeko.

Imanol Pradales lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela, Europaren eskutik. Trumpek defendatzen duen politika protekzionistaren aurrean, merkataritza are eta gehiago zabaltzea defendatu du. "Batzuek eskatzen dute oztopoak eta eragozpenak sortzea munduko merkataritza globalean, guk guztiz kontrakoa defendatzen dugu", gehitu du.

Testuinguru horretan, Ameriketako Estatu Batuetara gehien esportatzen duten EAEko enpresak premiaz biltzera deituko ditu Imanol Pradales lehendakariak, industria defendatzeko taldearen aterkipean.

Eusko Jaurlaritzak egindako eta lehendakariak zabaldutako lehen estimazioen arabera, 400 milioi euroko gainkostua ekarriko diete muga-zerga horiek Euskadiko enpresei. Gaineratu duenez, gutxi gorabehera, 1.040 enpresak 2.000 milioi euroko balioa duten esportazioak egiten dituzte AEBra. Gehien kaltetutako produktuak eta sektoreak hauek dira: petrolioaren deribatuak, makina-erraminta, automozioko piezak eta nekazaritzako elikagaiak (Arabako Errioxako ardoak, batez ere).

Amaitzeko, gerra komertziala "atzerapauso" bat dela azpimarratu ondoren, merkatua beste herrialde batzuetara zabaltzeko aukerak daudela adierazi du eta Hego Amerika, Asia eta Afrika jarri ditu adibide gisa.

Sanchezek Trumpen muga-zergei erantzuteko neurrien berri emango du

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du ostegun honetan Moncloa jauregian, Donald Trump AEBko presidenteak ezarriko dituen muga-zergen aurrean prestatutako neurri-sorta aletzeko.

Moncloak jakitera eman duenez, Sanchezek eguerdian hitz egingo du, eta Espainiako Gobernuaren kontingentzia plana muga-zergek kaltetutako sektore ekonomikoei zuzenduta egongo da nagusiki.

Gaur arte zuhurtzia eta Bruselarekin koordinazioa aldarrikatu ditu Espainiako gobernuburuak Ameriketako Estatu Batuek ezarritako muga-zergen aurrean. Pasa den astean Diputatuen Kongresuan aurreratu zuen bere gobernua kontingentzia plana prestatzen ari zela, eta horri buruzko xehetasunak emango ditu biharko agerraldian.

Aurretik, asteazken arratsaldean, Sanchez UGT eta CCOO sindikatuen buruzagiekin eta CEOE eta Cepyme patronalen presidenteekin elkartu da Moncloan, gerra komertzialak eragindako abagunea aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Ameriketako Estatu Batuak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Merkataritza Industria Automobilgintza Imanol Pradales gaur