Politika -

Eskumenak

Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa "pausoz pauso" eskualdatzeko negoziatzen ari da Jaurlaritza

Autogobernu sailburuaren ustez, Espainiako Gobernua orain arte "tabu" zen gai bati buruz hitz egiten hasi izana seinale ona da, eta, azpimarratu duenez, agerian uzten du "gai hori aztertzeko beldurra galdu duela".

Ubarretxena, atzo, gobernu bileraren osteko agerraldian. EFE
Ubarretxena, atzo, gobernu bileraren osteko agerraldian.

Ubarretxena, atzo, gobernu bileraren osteko agerraldian. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa "mailaka eskualdatzea" negoziatzen ari dira.

Ubarretxenak Radio Popular-Herri Irratian egin duen elkarrizketa batean bota du iragarpena. Zehaztu duenez, datorren astean hainbat bilera tekniko egingo dituzte Madrilen, horretara dauden ministerioekin.

"Tabu" zen gai bat, "herritarren artean beldurra sortzeko erabiltzen" zena, orain hizpide hartzeari garrantzia eman dio Ubarretxenak: "Sintonia ona dugu Espainiako Gobernuarekin, eta badirudi gai hori aztertzeko beldurra galdu duela".

Dena dela, "pausoz pauso" aritzeko beharra azpimarratu du.

Negoziazioetan funtzionarioek duten pisuarekin, kexu

Ubarretxenaren iritzian, negoziazioak "ondo ateratzeko, alde politiko eta teknikoaren artean orekak egon behar du". Ildo horretatik, azaldu du ministerioetako goi mailako funtzionarioek "politikariek baino gehiago agintzen dute batzuetan". Horren esanetan, kolektibo horrek "botere faktikoa" du, eta eskualdatzeko dauden transferentziak "bereak balira moduan" hartzen ditu. "Eurei kentzen ari gatzaiela uste dute, eta, beraz, pertsona horiek ere konbentzitu behar ditugu", gaineratu du.

Azkenik, atzerriko unibertsitate tituluak homologatzearen kontra Auzitegi Gorenak emandako epaia ahotan, Jaurlaritzaren bozeramaile ere badenak esan du "erabat bidegabea" dela eta iragarri du datorren gobernu kontseiluan (apirilaren 8koa) onartuko dutela Auzitegi Konstituzionalean babes-helegitea aurkeztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua