Politika -
EAJ-REN IX. BATZAR NAGUSIA
Batasunerako deia egin du Estebanek, EAJko presidente izendatu berritan
Berrituta abiatuko du etapa berri hau EBBk. Belaunaldi berri batek hartu du ardura, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antxustegi, Andoni Busquet, Maitane Ipiñazar, Miren Martiarena, Ion Gambra eta Javier Ollo hautatu baitituzte.
EITB MEDIA
EAJk IX. Batzar Nagusia egin du asteburuan Donostian, eta zuzendaritza berrituta amaitu du urtarrilean abiatutako barne prozesua. Aitor Esteban izendatu dute, aho batez, Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente igande honetan, Andoni Ortuzarren 12 urteko lidergoari bukaera emanda.
Ortuzarren eskutik jaso du aginte makila Aitor Estebanek, eta Atano III.a pilotalekuan zutik txaloka zeuden alderdikideen aurrean hunkituta agertu da EBBko presidente berria.
Presidente gisa egin duen lehen hitzaldian, Estebanek batasunerako, eredugarritasunerako eta apaltasunerako deia egin du, "gure ibilbidearekin jarraitzeko" eta "herrialde gisa hazten jarraitzeko".
Ekitaldia jarraitu duten 2.000 pertsona ingururen aurrean, eskerrak eman dizkio aurreko presidenteari, "egindako lan eta dedikazio guztiagatik", eta kargua "ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez" hartu duela esan du.
Barne prozesuan egon daitezkeen barne banaketei dagokienez, ukatu egin du alderdiak "bi arima" izatea. "22.000 arima gara, alderdikideak bezainbeste, eta gu guztion taupadak batera doaz, herri bat askatzeko helburu berbera oinarri dugula", adierazi du, eta azpimarratu "militantziaren gehiengo zabalak" ulertu duela "lehenik eta behin axola duena alderdia zaintzea dela, herri honen askatasunerako funtsezko tresna gisa".
Buruzagi jeltzale berria belaunaldi berriei ere zuzendu zaie. "Gure etorkizuna ez ezik, batez ere, gure oraina zarete", esan die gazteei, eta alderdiaren barruan emakumeen presentzia handituko duela gaineratu du.
Euskarari dagokionez, "bizitzako esparru eta erregistro guztietara" eramateko konpromisoa hartu du, eta "esparru politiko-instituzionalean aurrera egiteko aukerak agortu" egingo dituela nabarmendu du, baina argi utzita "esparru handiak ezin direla izan gure ekintza politikoaren xede bakarra eta erabatekoa".
"Europak bi aukera ditu: indartzea ala desagertzea"
Estebanek ohartarazi du "mundu oldarkorrago honetan", zeinetan "AEBk multilateralismoa zanpatu duen", Europak bi aukera dituela: "indartzea edo desagertzea". Horren arabera, "bitartekoek baldintzatutako peoi bat bihurtuko da EB", eta "dekadentzia politikoari zein ekonomikoari bide emango dio horrek, baita herritarren ongizateari ere".
Agertoki horretan, "datozen garaiak latz eta nahasgarriak izango badira ere", euskal herritarrentzat "akuilu eta aukera" izan behar direla nabarmendu du.
EBB berriaren aukeraketa
Aitor Estebanen ustez, jeltzaleek harro egon behar dute adostasun maila oso handia lortu dutelako EBB berria hautatzeko prozesuan. "Izenen gainetik, garrantzitsuena da alderdia zaintzea", ziurtatu du. Salbuespenak salbuespen, "errespetuan oinarritutako prozesu demokratiko bat izan da", erantsi du.
EBB berrituta
Euzkadi Buru Batzarra (EBB) osatuko duten burukideak ere aukeratu dituzte batzarrean. Berrituta abiatuko du etapa berri hau EBBk. Belaunaldi berri batek hartu du ardura, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antxustegi, Andoni Busquet, Maitane Ipiñazar, Miren Martiarena, Ion Gambra eta Javier Ollo hautatu baitituzte. Horiekin batera, Markel Olano eta Manu Tejada egongo dira, lurraldeetako buruez gain: Maria Eugenia Arrizabalaga (GBB), Iñigo Ansola (BBB), Jone Berriozabal (ABB), Unai Hualde (NBB) eta Pantxoa Bimboire (IBB).
Diputatuen Kongresutik EBBra
Asteazkenean agurtu zuen Espainiako Kongresua Estebanek, eta lau egun geroago bere alderdiaren presidentetza hartu du. Gaurko izendapenarekin, amaitutzat eman dute EAJren barne prozesua, besteak beste, Ortuzarrek lehia uzteko hartutako erabakiak "zipriztindutakoa".
Aldaketak aldaketa, ezin da esan belaunaldi arteko errelebo bat izan denik, Estebanek 62 urte baititu, Ortuzarrek beste. EBBk, baina, zortzi burukideak aldatu ditu, eta talde gazteago bat osatu dute, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antxustegi, Maitane Ipiñazar, Miren Martiarena, Ion Gambra eta Javi Ollo hautatuta. 45 urtez azpikoak dira guztiak.
Zuzenbidean lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean egin zituen ikasketak Estebanek, eta irakasle lanetan ere aritu zen. EAJko alderdikide egin zen 1978an, 16 urte zituela. 13 urte geroago, 1991n, Bizkaiko Foru Aldundiaren Presidentetzako eledun eta idazkari izendatu zuten.
EAJren IX. Batzar Nagusia
Atano III.a frontoian egin dute, asteburuan, EAJren IX. Batzar Nagusia, "Alderdia gara" lelopean.
Datozen urteetan Aitor Estebanen gidaritzapean EAJren jarduketa politikoa gidatuko duten bost txostenak onartu dituzte lehen egunean, larunbatean. Ia erabateko babesa lortu dute, agerian utziz alderdia batuta eta indartsu dagoela Ortuzarren osteko aro berriari ekiteko.