Politika -

EAJ-REN IX. BATZAR NAGUSIA

EAJren oinarriek alderdiaren hurrengo urteetako jarduna markatuko duten txostenak onartu dituzte

Bost dokumentuek ia erabateko babesa lortu dute, agerian utziz alderdia batuta eta indartsu dagoela Ortuzarren osteko aro berriari ekiteko. EAJren IX. Batzar Nagusiak igandean jarraituko du, eta Aitor Esteban izendatuko dute Euzkadi Buru Batzarreko presidente.

EAJren batzarra. Argazkia: Europa Press.
EAJren batzarra. Argazkia: Europa Press.

EAJren batzarra. Argazkia: Europa Press.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datozen urteetan Aitor Estebanen gidaritzapean EAJren jarduketa politikoa gidatuko duten bost txostenak onartu dituzte larunbat honetan Donostian EAJ egiten ari den IX. Batzar Nagusian. Bost dokumentuek ia erabateko babesa lortu dute, agerian utziz alderdia batuta eta indartsu dagoela Ortuzarren osteko aro berriari ekiteko. 

Bost txostenetako lehenarekin, Euskadirentzat estatus berri bat adostea onartu dute jeltzaleek (aldeko 339 boto, 1 aurka eta 5 abstentzio jaso ditu), Estatuarekin aldebiko harreman eraginkorra bilatu eta Euskadiren nazio estatusa Europako ordenamenduan txertatzea helburu. 

Izaskun Bilbao Europako parlamentari ohiak (txostena idatzi duen taldearen koordinatzailea) azaldu ditu testuaren nondik norakoak, eta nabarmendu du alderdia Europara begira bada hori dela "Europan ematen ari delako egun nortasun, burujabetza, nazio edo estatu kontzeptuen inguruko eztabaidarik aberatsena eta osoena".

Euskadi nazioa Europan izenburua duen lehen txostenak erabakitzeko eskubidearen aitortza defendatzen du, eta Europako Parlamentuan defendatu zuen Europako erregelamendu-proposamena aldarrikatzen du, hori baitu EAJk "Europa mailan autodeterminazio eskubidea egikaritzeko ibilbide-orria".

"Hori lortzeko gure estrategia gure errealitate nazionala aitortzen duten protokoloen negoziazioan, itunean eta (EBn) inklusioan oinarrituko da, bai eta Europako tratatuen erreforma bultzatzean ere, hurbiltasunaren eta estatu azpiko egituren aintzatespenaren aldeko ekarpenen bidetik", dio txostenak.

Gaur onartutako txostenak, gainera, euskal nortasuna berritzearen aldeko apustua egiten du, "gero eta anitzagoa den baina, batez ere, Euskadi subjektu politiko gisa aitortzea babesten duen gizarte batean, euskara eta kultura integraziorako elementu gisa bultzatzeko".

Polarizazioari uko egiten dio, pragmatismoa, negoziazioa eta errespetua aldarrikaztzen ditu, eta desinformazioari aurka egiteko "entzute aktiboa" sustatzeko konpromisoa hartzen du.

Azkenik, egoera geopolitikoari dagokionez, testuak jasotzen du "eragile zahar eta berrien artean, izan baliabide naturalak eskuratzeko, izan beren posizioei eusteko eta horietatik baztertuak ez izateko, ematen ari den borroka mehatxua" dela. "Mehatxua da orain arte ezagutu dugun eredu klasikoan oinarritutako nazioarteko harremanetarako", zehaztu du. 

Euskadi Europan nazio gisa aitortua izateko estatus berriaren alde egingo du EAJk datozen urteotan
Euskadi Europan nazio gisa aitortua izateko estatus berriaren alde egingo du EAJk datozen urteotan

Euskadi Europan nazio gisa aitortua izateko estatus berriaren alde egingo du EAJk datozen urteotan

0:44

Aberri oparoa eraikitzea askeago izateko izeneko bigarren txostena, alderdi ekonomiko eta sozialen ingurukoa, aldeko 331 botorekin, kontrako 3rekin eta 6 abstentziorekin onartu dute. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak azaldu ditu txostenaren nondik norakoak, eta hori onartuta, Euskadin Abiadura Handiko Trena (AHT) amaitzeko eta Nafarroarekin Ezkiotik (Gipuzkoa) edo Gasteiztik lotzeko aukeren aurrean "behin betiko irtenbidea" emateko proposamena onartu dute. Horretarako, ingurumenari, funtzionaltasunari, sare-gaitasunari, bidaia-denborei eta kostuei erreparatzea proposatuko du alderdiak.

Jaurlaritzak proposatutako AHTaren Ezkioko lotura aztertzeko eskatu du EAJk
Jaurlaritzak proposatutako AHTaren Ezkioko lotura aztertzeko eskatu du EAJk

Jaurlaritzak proposatutako AHTaren Ezkioko lotura aztertzeko eskatu du EAJk

0:44

Hirugarren txostena, Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den nazioa izenekoa (aldeko 343 boto, kontrako 2 eta 4 abstentzio jasota onartutakoa), Oihane Agirregoitia eurodiputatuak aurkeztu du, eta hurrengo ziklo politikoan EAJren "nazioarteko ekintza eta estrategia politikoa" gidatu behar duten hiru ardatzak jasotzen ditu, "Europan eta munduan pisua eta presentzia irabazteko".

Ardatz horiek honako hauek dira: "Makroeskualde Atlantiko bat sortzea; Euskal Diaspora Euskadiren garapenean eragile aktibo gisa inplikatzea; eta gure herriaren posizionamendu globala bultzatzeko potentzial diplomatikoa baliatzea". Gainera, Europar Batasuna handitzearen alde dagoela berretsi du, baldin eta estatu kide berriek "estandar demokratiko zorrotz eta sendoak" betetzen badituzte.

Laugarren txostena, Bere herriaren zerbitzura dagoen alderdia izenekoa (aldeko 332 boto, kontrako 4 eta 8 abstentzio jaso ditu), Ane Miren Atinek aurkeztu du, eta euskal gizartearekin duen harremana "berrikustearen alde" agertu da. Gizarteak izan dituen aldaketak aipatu ondoren, ziurtatu du "erabakigarria" dela "ziurgabetasunen aurrean kaudimena" erakustea, politika egiteko modua gizatiartzea eta "egungo balioak eta balio etikoak" indartzea. Horrez gain, testuak nabarmentzen duenez, beharrezko du alderdiak "herritarrekin emozionalki berkonektatzea, parte-hartzetik, entzute aktibotik, enpatiatik eta apaltasunetik abiatuta", bere ekintza politikoa gauzatzeko. "Hori da politika egiteko dugun modua", azpimarratu du, eta horrekin herritarrekin "hobeto konektatzea, egungo interesak ordezkatzea eta Euskadiren etorkizunerako bidea gidatzea" bilatuko dute.

EITBri dagokionez, EAJren IX. Batzar Nagusiak onartu du "erakunde publikoak gizartearen aniztasuna islatzen duela bermatzea, Euskal Irrati Telebista Erakunde Publikoa sortzeko Legearen 3. artikuluaren arabera", eta "tresna politiko bihur ez dadin lan egitea, eta hobekuntzak proposatzea, EAJren proposamen politikoetatik bereizi gabe".

Azkenik, Imanol Lasak bosgarren txostena aletu du, Erakunde demokratiko bat deiturikoa, EAJren antolakuntzari buruzkoa. Babes gutxien izan duen testua izan da, aldeko 318 boto, kontrako 17 eta 12 abstentzio jaso baititu, baina aurrera egin du, batere zailtasunik gabe, eta onartu egin dute EAJk ez duela mugatuko alderdiko barne karguak edo kargu instituzionalak betetzeko denbora, baina estatutuetan gehiengo berriak (boto kopurua) ezartzea proposatu dute, bi edo hiru agintaldi gainditu nahi dituztenentzat.

Jeltzaleak estatutu berriak lantzen hasiko dira, eta zirriborroa udazkenerako egingo dute, urtea amaitu baino lehen batzarretan behin betiko onartzeko.

Karguak bi agintaldira mugatu ditu EAJk, estatutu berrietan zehaztuta egongo diren salbuespenekin
Karguak bi agintaldira mugatu ditu EAJk, estatutu berrietan zehaztuta egongo diren salbuespenekin

Karguak bi agintaldira mugatu ditu EAJk, estatutu berrietan zehaztuta egongo diren salbuespenekin

0:37

EAJren IX. Batzar Nagusiak igandean jarraituko du, eta Aitor Esteban izendatuko dute Euzkadi Buru Batzarreko presidente, eta EBBko burukide berriak hautatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua